Uemak Ataunen egingo du agintaldi hasierako batzar nagusia
Irailaren 23an, Herri Antzokian elkartuko dira Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea osatzen duten 101 herrietako ordezkariak. Zuzendaritza batzordea berrituko dute, eta lehendakari aldaketa ere izango da.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) Ataunen egingo du, irailaren 23an, larunbatarekin, agintaldi hasierako batzar nagusia. Elkargoa osatzen duten 101 herrietako ordezkariak daude bilkurara deituta. Ataungo Herri Antzokian egingo dute batzarra, 10:00etan hasita.
Agintaldi aldaketa irudikatu eta gauzatuko den batzarra ere izango da. Izan ere, zuzendaritza batzorde berria aukeratuko dute, eta lehendakaria berria izendatu. Lau urterako kargua hartuko dute. 2019-2023 agintaldian Elgetako alkate Iraitz Lazkano (EH Bildu) izan da Uemaren lehendakaria, eta Bermeoko alkate Aritz Abaroa (EAJ) lehendakariordea. Agurreko batzarra izango dute Ataungoa.
“Alderdiek udaletan duten ordezkaritzaren arabera erabakitzen dute bakoitzak zenbat ordezkari edukiko dituen zuzendaritza batzordean, eta zerrenda adostasunez onartu ohi ditu Batzar Nagusiak. Behin zuzendaritza batzordea hautatuta, lehendakaria eta lehendakariordea izendatzen dituzte”, aurreratu du Uemak gaur.
Ikasturte honetatik aurrera Uemako kide ahalik eta udalerri euskaldun gehien izatea, “euskararen lurgunea” zabaltzea eta euskararen biziberritzean egiturazko aurrerapausoak ematea hartu ditu elkargoak agintaldi berrirako erronkatzat, herritarren kontzientziaziorako eta udalerri euskaldunen ikerketarako eta garapenerako urratsak egitearekin batera.
Uemako kide dira, eta, horrenbestez, irailaren 23ko batzarrean parte hartzeko eskubidea dute, Goierriko hamabi udalerri: Altzaga, Arama, Ataun, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Legorreta, Segura, Zaldibia eta Zerain.