Zeraingo azokak irekiko du Goierriko hamabostaldi ekologikoa
Zeraingo azoka ekologikoan hogei ekoizle baino gehiago izango dira. Ikastaroak ere izango dira. Urriaren 7ra arte luzatuko da hamabostaldia, askotariko ekimenekin
Goierriko hamalaugarren hamabostaldi ekologikoa Zeraingo azoka ekologikoarekin hasiko da aurten. Igandean izango da azoka. Biziolak, Biolurrek, Goierriko Baratzak eta Zerain Bizi Dezagun fundazioak elkarlanean jardun dute antolaketa lanetan.
Biolurren Ekoizpen duina kontsumo herrikoia egitasmoa hartu dute ardatz. Ekoizpen eta kontsumo ereduek gizarteari «zuzenean» eragiten diotela esan dute. Horregatik, tokiko nekazaritza «iraunkorra, jasangarria» sustatu behar dela defendatu dute, baina baita ere kontsumo eredu «osasuntsu eta jasangarria». Hamabostaldiak horren sentsibilizazioan eragin nahi du. «Bestalde antolatzaileek argi dugu jendartearentzat elikagaiak ekoizten duten pertsonak zaintzea guztion ardura den bezala, guztiok dugula ere eskubidea elikagai hauek kontsumitzeko», gaineratu dute.
Egitaraua
- Irailak 17, igandea: Zeraingo Azoka ekologikoa, Zeraingo pilotaleku estalian
- 10:00etatik 14:00etara, azoka.
- 11:00etan, haurrentzako EKO gaileta-tailerra Haristizabal baserriko Itsaso Olabideren eskutik
- 12:00etatik 14:00etara Ekoizpen Duina Kontsumo Herrikoia EKOerrezetak Osoacookingeko Ane Otegirekin
Azokarako Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak 5 euroko deskontua duten 40 bono jartzen ditu kontsumitzaileen esku. Bono hauek Zeraingo Turismo Bulegoan egongo dira eskuragarri ostiral eta larunbatean doan.
- Irailak 20, asteazkena – Familientzako sukaldaritza tailerra, Lazkaoko Biziola Fabrikan, 18:00etan. Sukaldari eta ekoizle bat elkarlanean, garaiko produktu ekologikoekin errezeta bat prestatzen den bitartean, jaten dugun hori ekoizteak dituen kostuez jardungo dira. Ekintza honetarako izena eman behar da info@biziola.eus helbidean.
- Irailak 23, larunbata – Itsasoko Haristizabal baserrira bisita, Alegia auzoko frontoian, 10:00etan. Bertan autoak bete eta elkarrekin igoko gara, Haristizabalgo okindegia eta sagastiak ezagutu, egiten duten lana balioan jarri eta bertako kutixiak dastatzera. Ekintza honetarako ere izena eman behar da info@biziola.eus helbidean. Plaza mugatuak.
- Irailak 28, osteguna –
- Zure platerean hasten da mundua dokumental emanaldia eta jarraian solasaldia mokadutxoarekin. Segurako Zopazokan, 18:00etan.
- Urriak 4, asteazkena –
- Abeltzantza ekologikoarekin dena hobetzen da bideoaren aurkezpena eta merienda-solasaldia. Lazkaoko Biziola Fabrikan, 19:00etan.
- Urriak 7, larunbata – Truke-azoka, Lazkaoko Biziola Fabrikan, 10:00etatik 14:00etara