Lazkaotarren esparru maitea
Igandean egingo dute lazkaotarrek Esparru mendirako urteroko jira. Goizean taldean edo norbere kabuz igoko dira asko. Ekitalditxo bat egingo dute eguerdian gailurrean, ikurrina omendu, bertso eta jolas, eta salda hartzeko.
Lazkaomendi gainari ezer kendu gabe, edo Amundaraindik Intxustiko iturrirainoko bidean Lazkaok dauzkan parajeen edertasuna ahaztu gabe, Esparru gainak badu xarma berezi bat lazkaotarrentzat. Herritik gertu antzean dago, oinez besterik iritsi ezin daitekeen harkaitz gailena da; eta Goierriko ikuspegi bikainenetakoa dago handik –horiek ere hamaika gehiago badiren arren–. Urtean zehar edonoiz igotzeko aitzakiarik behar ez den arren, urteroko ohiturazko bisita igandean egin diote Esparruri.
Ohi bezala, Lazkaotik Esparrura taldean nahiz norbere kabuz igoko dira. Amalur mendi elkarteak, adibidez, igandeko txangoa okasiorako erreserbatu du. Plazan 09:00etan elkartzeko deia zabaldu dute, lagun artean joan nahi dutenentzat.
Ekitaldia eguerdian
Behin jendea gainera arrimatutakoan, ohiko ekitaldiak izango dira. Lehenbizi, 11:30ean ikurrinari omenaldia egingo diote. Ondoren, bertsolariak ariko dira kantuan, eta 12:00etan haur jolasak jarriko dituzte.
Salda eramango dute Esparrura, eta mendizaleei eskainiko diete. Hamaiketakoa eramatea norbere kontu joango da.
Duela 77 urte hasitako jaia
Lazkaotarrek 1946an egin zuten Esparruko lehenengo jira eta festa. Baina ez irailean, orain egiten den bezala, abuztuaren 15ean baizik. Andre Mari eguneko ospakizunak kalean bertan izaten ziren, aurretik. Lehenengo jira haren aurretik, Luistarren kongregazioak hiru-bat urtean Zelaian antolatu zuen erromeria: dantzaldia, asto eta zinta karrerak, lapiko hausteak, korrika proba, igel lasterketa…
1946an, Esparru gainean mendizaleen postontzia jarri behar zutela eta, mendira aldatu zuten Andre Mari eguneko festaren lekua. Metalezko postontzia Albisuren lantegian egin zuten herriko gazteek aurretik; udaletxearen erreplika zehatza zen. Mendigoizaleen artean orduan zabaldu zen tontorren puntuazioak egiteko ohitura, eta Esparru zirkuituan sartu nahi zuten.
Taberna ere muntatu zuten Esparrun, bi idik tiratutako gurdian gauzak eramanda. Baina Guardia Zibilak debekatu egin zuen, behin goian zirela, erromeria, buzoiak ikurrina margotuta zeukala aitzakia jarrita.