Lurrazpian dauden gazteluak, argitara
Ataungo Barandiaran museoak bistan jarri ditu Jose Migel Barandiaranek ikertu zituen hiru gaztelutan azaleratutako objektuak. Garai bateko gazteluak irudikatzen laguntzen dute aurkikuntzek.
Jose Migel Barandiaran arkeologo ataundarrak Jentilbaratzako tontorrean egin zuen lehen indusketa lana, Aralarren, 1916ko udan, 26 urterekin. Ataungo San Gregorio auzoko bizilagun baten laguntzarekin, Ximenez de Rada XIII. mendeko elizgizon eta historialariak aipatutako gazteluaren aztarnak aurkitu zituen. Bertan topatutako eta Gipuzkoa eta Euskal Herriaren luze-zabalean aztertutako Erdi Aroko beste hamaika gaztelutan azaleratutako 150 piezarekin erakusketa bat ondu zuen iaz Bilboko Arkeologia museoak. Orain Gipuzkoara ekarri dute erakusketa: Ataunera. Hala, Barandiaranen figuraren inguruan berrantolatu dute erakusketa, eta Ausa Gaztelu (Abaltzisketa-Zaldibia), Gazteluberri (Altzaniko Partzuergoa) eta Jentilbaratzako (Ataun) gazteluak hartu dituzte oinarri. Barandiaranek hiru gaztelu horietan egin zituen bere ikerketa lanetako batzuk.
Hiru gazteluak “egitura xumekoak” zirela deskribatu du Ander Arrese Beasaingo Suhar arkeologia taldeko arkeologoak. Kasualitatez, gaztelu horietan lan egindakoa da hura ere. “Euren sinpletasunean, konplexuak ziren”, esan du. “Gaztelu hauek izan ohi zuten dorre bat, uharka bat eta harresi bat inguruan, defentsa elementu bezala. Kostatu egiten da imajinatzea horren eremu txikietan horrelako egiturak egiten zituztela”. Sinistea are zailagoa da, egun ia ez delako aztarnarik gelditzen lehen begi kolpean. “Egituraren gehiengoa egurrezkoa zen, eta, denborarekin, galdu egin dira gehienak”.
Iraganeko aztarna ugari topatu dituzte indusketa lanei esker, ordea, eta askotarikoak: “Aurkitu ditugu armak: hiltze formako gezi puntak, azkon puntak, lantzak, ezpata eta aizto zatiak… Aurkitu ditugu garaiko faunaren aztarnak: hartz hagin gutxi batzuk, azeria, behia, txerria…”. Goi Erdi Aroan [500 eta 1.000 urteen artean] jendea bizi zela iradokitzen duten aztarnak dira guztiak. Arresek kontatu du sei edo zortzi lagun bizi zitezkeela elkarrekin; hala diote garaiko idatziek ere.
Garai hartan, mendi puntan egun askoan egon beharko zuten begirale lanetan, eta jostailuak ere topatu dituzte: “Jentilbaratza arakatzen genbiltzala ikusi genituen nola ateratzen ziren dadoak, gaizki egindako dadoak eta mozketa berezia zuten hezur zati landuak. Jabetu ginen han egiten zutela dadoak eraikitzeko prozesu guztia”. Ausa Gaztelun zeramikazko tronpa edo turuta bat ere aurkitu zuten, “oso kuriosoa”.
Aurkikuntzarik bitxienetako bat Jentilbaratzako eremutik kanpokoa izan zen. 1928an, gazteluaren azpian sustrai artean lanean zebiltzala, eraztun bat aurkitu zuten. Barandiarani eraman zioten. Egun, Donostiako San Telmo museoan dago, baina Barandiaran museoan erreplika “oso fidel” bat jarri dute ikusgai. “Pieza oso nabarmendua da”, aitortu du adituak. “Erromatar garaiko harri gorri bat da, zizelkatua. Koroadun arrano baten irudia du. Baina, itxura guztien arabera, harri hau geroago txertatu zuten eraztunean, Erdi Aroan eta Berant Antzinaroan”.
Testuinguruan jarrita
Ausa Gaztelun, Gazteluberrin eta Jentilbaratzan aurkitutako material hori guztia Ataungo Barandiaran museoan dago ikusgai, irailaren 24ra arte. Ikus-entzunezko bat ere badago. Bihar bertan, esaterako, bisita gidatuak egingo dituzte; ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, 943-18 03 35 edo 688-89 50 69 telefono zenbakietara deituta edo barandiaran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita. Arrese bera izango da hizlaria.
“Testuingurua emango diegu erakusketako piezei”, laburbildu du Arresek. “Piezek testuingurua galtzen dute museoan, eta zailagoa izaten da ulertzeko”. Arkeologoak azaldu du gazteluek badutela erakarpen indarra eta jendea hurbiltzen dela ikastera. “Ez da futbola, baina jakin-mina pizten duen gaia da; bereziki, bisita gidatuek, museoetan edo tokian bertan. Konferentzia edo hitzaldietara adituak etortzen dira gehiago”.