«Titulua lortzeko bidean euskaraz gozatzea oso garrantzitsua da»
Idoia Hermosa (Eibar, 1982) Urretxu-Zumarragako udal euskaltegiko zuzendari berria da. Lehenago Arrasateko euskaltegian eta Elgoibarkoan, Debakoan eta Mutrikukoan lan egin du.
Ze ikasketa egin zenituen?
Lehenengo Haur Hezkuntza ikasi nuen eta ondoren Psikopedagogia, Mondragon Unibertsitatean, Eskoriatzan. Psikopedagogia ikasten ari ginela, lan beka bat egiteko aukera ematen ziguten eta Arrasateko Udalean hasi nintzen, ume etorkinei euskara errefortzuak ematen. Ardura hori Arrasateko udal euskaltegiak hartu zuen eta horrela euskaltegian sartu nintzen, gaur arte.
Zenbat urte pasa dira ordutik?
Bekadun 2004an hasi nintzen. 2006an helduei eskolak ematen hasi nintzen.
Mundu hori gustatu zitzaizula dirudi.
Asko. Beti ibili naiz euskararen munduan. Euskal udalekuetan urte mordo bat egin ditut, adibidez. Euskaraz bizitzeko aukera eman zidaten eta guztiok aukera hori edukitzea gustatuko litzaidake. Gaur egun, helduak ez nituzke haurrengatik aldatuko. Haur Hezkuntza ikasi nuen, baina sekula ez naiz ume txikiekin aritu.
Zein euskaltegitan lan egin duzu?
Arrasaten, Debaben eta hemen. Debabe euskaltegia Elgoibar, Mutriku eta Debako euskaltegia da.
Alde handia nabaritu al duzu eskualde batetik bestera?
Bai. Alderik handiena Elgoibartik hona nabaritu nuen. Elgoibar Urretxu-Zumarraga baino txikiagoa da eta nahiko herri euskalduna da. Urretxu-Zumarragak nire jaioterria gogorazten dit. Euskararen egoera, euskaltegira datorren jendearen tipologia… antzekoa da.
Zenbat urte daramatzazu Urretxu-Zumarragan.
Hirugarren ikasturtea hasi dut.
Lehenengoz al zara euskaltegi bateko zuzendari?
Bai. Dagokigunean, zuzendaritza hiru urterako hartu behar dugu. Plazaduna izan beharra duzu zuzendari izateko eta plaza hemen lortu dut.
Zeintzuk dira zuzendariaren funtzioak?
Burokrazia lana egitea (udalekin, HABErekin…), lan taldea koordinatzea, ikasturtea antolatzea, euskaltegia herrian ezagutzera ematea, Gipuzkoako gainontzeko euskaltegiekin biltzea… Zuzendari bakoitzak bere egiteko modua duela eta bakoitza bere nortasuna islatzen saiatzen dela pentsatzen dut.
Zer diozu Urretxu-Zumarragako udal euskaltegiaz?
Zazpi irakasle eta administraria gara eta euskalduntzearen maila guztiak eskaintzen ditugu, A1etik C1era. Helburua ez da azterketak prestatzea bakarrik, erabilerari ere garrantzia eman nahi diogu. Guretzat oso garrantzitsua da titulua lortzeko bide horretan euskaraz gozatzea. Hizkuntza erabiltzeko oinarriak jartzea. Horretaz gain, aurten, HABEk lagunduta, 16 eta 18 urteko gazteei C1 ikastaroetan parte hartzeko diru-laguntza emango zaie. 2005, 2006 eta 2007an jaiotakoek 20 euro bakarrik ordaindu behar dute ikastaroaren truke. Bestalde, Gure Txoko jubilatuen etxean talde bat dugu. Gainera, Urretxuko eta Zumarragako udalekin batera, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana garatzen dugu. Horren bitartez, etorkinentzako ikastaroak antolatzen ditugu. Horren eskutik euskararen berri izaten dute eta helburua ikastaro horren ondoren euskaltegiko ikasle izatea da. Garai batean transmisio taldeak genituen, baina guraso gehienek euskaraz dakite dagoeneko. Transmisio ikastaroa nahi duten hiru etorkin ditugu eta beste hiru edo lau lortzen baditugu, taldea osatuko dugu. Bukatzeko, autoikaskuntza ere badugu: ikasleek etxetik ikasteko aukera dute. Tutore batek jarraipena egiten du. Hamabost egunean behin tutorearekin elkartzen dira eta astero mintza saioak dituzte beste ikasle batzuekin. Matrikula irailaren 28ra arte egongo da zabalik eta ikasturte berria urriaren 2an hasiko da.
Zeintzuk dira euskararen erronka nagusiak Urretxun eta Zumarragan?
Erronka nagusia kultura aldatzea da. Arazoa ez da ezagutza, erabilpena baizik. Haurrak D ereduan matrikulatzen ditugu. Ezagutza badute, beraz. Baina erabilpenari dagokionez, arazoren bat dago. Azkeneko neurketan, erabilerak behera egin dela ikusi dugu. Nola egin ezagutzatik erabilerara salto egiteko? Hori da erronka nagusia Euskal Herri osoan.