Olasagasti, Arrospide eta Ugarteburu aizkolariei oroigarri bana eman diete Urkian
Urkiko Santikutz jaiak ospatu zituzten auzotarrek ostegunean eta asteburuan. Atzo, aizkolarien saioa izan zen, eta Arrospideri, Ugartebururi eta Olasagastiri eskerrak eman zizkieten hainbeste urtetan auzoko festetara joateagatik.
Itsasondoko Urkia auzoan Santikutz jaiak edo Gurutze Deunaren jaiak ospatu dituzte ostegunean eta asteburuan. Trikitilariak, erromeriak, bazkari eta afariak edota aizkolarien saioa izan dituzte auzotarrek gozatzeko. Atzo arratsaldean izan zen aizkolarien emanaldia. Arrospide, Ugarteburu, Larrañaga eta Txikia IV aizkolariek parte hartu zuten. Emanaldiaren ondoren, oroigarri bana eman zieten Anjel Arrospideri, Joxe Mari Olasagastiri eta Joxe Ugartebururi, hainbeste urtetan Urkira joan izana eskertzeko. Aurtengo festak Laja II eta Lutxurdio trikitilarien erromeriarekin amaitu ziren.
Honela dio oroigarriko bertsoak:
Hainbeste urtez gure artean
Esatea erreza da
Eskertu nahita motx gelditzea
Gerta leike behar bada
Bertso honekin jaso ezazue
Auzoaren besarkada
Zuen aizkoren hotsa izan da
Gure festaren taupada