Zeraingo azoka ekologikoaren balorazio positiboa egin dute
Goierrin egin den hamalaugarren hamabostaldi ekologikoari Zerainen eman zitzaion hasiera atzo ospatu zen azoka ekologikoarekin, eta antolatzaileek adierazi dutenaren arabera “oso ondo” joan da aurtengoa. Azoka hau urtero iraileko hirugarren igandean izaten da, eta zifrekin zalantzak dituzten arren, aurtengoa 29. izan da.
Biolur Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Elkartea da, eta iragan asteburuko azokaren antolatzaileetako bat ere bada, besteak beste. Elkarte honek aurten 30 urte egin ditu, eta urteurrenaren urte kopuru antzekoa daramatza azokaren antolaketa lanetan. Aurtengo azoka barnetik aztertuz gero, “oso balorazio positiboa” egiten dute, datu “onak” iritsi baitzaizkie. Jendea azokara goiza pasatzeko asmoarekin joaten dela adierazi dute antolatzaileek, baina betiere kontsumitzeko gogoa ere izaten dutela gehitu dute. Datozen urteei begira, azoka hau antolatzen jarraitzeko asmoa dutela azpimarratu dute.
Iratxe Perez, bestalde, Zeraingo turismo bulegoko langilea da, eta bera ere azokaren antolaketa lanetan aritu da. Perezen hitzek diotenaren arabera, azoka antolatzearen helburu nagusiak jaten dugunari garrantzia ematea eta azokan elikagaiak saltzen egoten diren ekoizleei babesa ematea dira. “Azoka honek oso ondo funtzionatzen du, eta datozen urteetan ere antolatzeko asmoa dugu”, berretsi du. “Jende dezente ibili da aurten; gainera, eguraldiak ere lagundu du”, dio.
Azoka horretan mota askotako produktuak aurkitu daitezke: sagar zukua, gazta ezberdinak, marmelada, kontserbak… Jakiez gain, hala ere, artisautzak ere badu presentzia azokan, eta aurten, esaterako, zeramikaz eta oihal ezberdinez egindako piezak ere saldu dituzte.
Perezen arabera aurtengo azoka iazkoaren oso antzekoa izan da -berdina ez esatearren- :”Urtean behin egiten da azoka hau, eta iaz jendeak tailerrei oso harrera ona egin zienez, aurten berdinak antolatu ditugu”. Gailetak egiteko aukera izan zuten haurrek, eta “oso gustura” aritu ziren.
Zeraingo azoka Goierriko Hamabostaldi Ekologikoaren baitan antolatutako lehenengo ekintza izan da, baina urriaren 7a bitartean beste hainbat ekintza antolatu dituzte. Hurrengoa, esaterako, etzi izango da Lazkaoko Biziola Fabrikan, eta familientzako sukaldaritza tailerraz gozatzeko parada izango da.