Piperrak eta eztiak agurtu dute uda Ordiziako ferian
Udako azken feria izan da gaurkoa, baita erleek urte osoan egindako lana eta kontserbarako piperretan dagoen eskaintza zabala ezagutzekoa ere. Landareek ikusmira zabalagoa dute, eta udaberriari begira hasi dira dagoeneko.
Udako azken feriak ezti eta piper zaporeak izan ditu nagusi. Udazkena datorrela eta, erleek urtean zehar egindako lana dastatzeko garaia da, baita kontserbak egiteko ere. Balerdipeko ezti saltzaileen postuan eta Javier Lacallerenean izan da gaur arreta jarri beharra, baita onddo eskaintza handian ere.
Izan ere, onddo asko izan da aukeran gaur goizean Ordiziako ferian berriz ere, 270 kilo guztira, plaza barrukoak eta Mikel Lasarenak eta Felix Barcinarenak batuta (kiloa 14 eta 35 euro artean), denak inguruko eta gertuko basoetan bildutakoak. Ziza horiak ere eskaini dituzte, 50 kilo (15-20 euro), baita bi kilo gibelurdin ere, honako hauek Aramako Zurutuza ahizpek (30 euroan kiloa).
Erle eta ezti kontuak
Balerdipeko Inazio Arinek ezti mota berria aurkeztu du, erleek egindako beste produktu batzuekin batera. Hala, aurretik salgai zuen milalore eztiari, txilar eztia gehitu dio, honako hau kolore ilunagokoa. Txilar eztia kiloko poteetan dauka salgai, 16 euroan, baina baita kilo erdikoan (9 euro) eta kilo laurdenekoan ere (6 euro).
Gainera, polen lehorra ere eskaini du, 120 gramoko potea 10 euroan; hori kontsumitzeko, aurretik hidratatzeko aholkua ematen zien erosleei Arinek.
Ezti abaraskak ere bazituen, 200 gramoko piezak hain zuzen. Karamelua bezala, zatitxo bat hartu eta zuzenean jatekoa da hori, eztia zurrupatu eta abaraskak osatzen dituzten argizari zatiak baztertuta. Abarasketan dagoen eztia aberatsagoa dela azaldu du Arinek, polen eta propoli hondarrak ere badituelako.
Propolia aipatu denez, hori ere salgai du Bedaioko ezti saltzaileak, 30 ml-ko ontzietan, 11 euroan. Pestoa, kakao krema, ezti ozpina, mueslia, kandelak eta argizari puskak dira postu honetan saltzen dituzten beste produktuak.
Piper aukera zabala
Udazkenarekin batera piperrak ere iristen dira, eta gaur, kontserbak egiteko ohitura dutenek izan dute zer erosi fruta saltzaileen postuetan, Nafarroako eta Errioxako Najerano motakoa batez ere. Kiloa 1,25-1,50 euro artean jarri dute salgai.
Javier Lacalle aguraindarrak aukera zabalagoa izan du, eta Lodosako pikilloa (2,59 euro) eta bola motakoa (2,25 euro) ere bazituen, biak Nafarroakoak. Laster Mendabiako pikilloarekin hasiko dela iragarri du. Sustrai fruta sailtzeileak, berriz, piper morroa zuen, nafarra hori ere, 1,10 euroan.
Kasu guztietan, kaxaka erosita merkeagoa ateratzen da piper kiloa.
Landare berriak
Urtaro berriaren iritsiera ere nabaritzen da landare saltzaileen postuetan, eta aspalditik saltzen ari ziren aza, eskarola eta azalore bezalako barazkiei, brokoli morea ere gehitu diote (0,20 euroan). Udaberriko tipulinarekin ere hasi dira (ehun, 3,5 euroan).
Bestela, Ibarrako Montes haztegiko Arantxa Iparragirrek azaldu duenez, porrua da orain batez ere saltzen ari dena, baina baita aza, azalorea, brokolia, pak choia eta eskarola ere. Horiek, kanpoan aldatzeko landareak dira, baina barruan, negutegian landatzekoak ere ondo saltzen ari direla esan du, batez ere zerba edo azelga, letxuga, borraja eta espinaka.
Arto beltza
Bitxikeri bat izan da gaurko azokan, Iñaki Intxausti zeraindarraren postuan, hain zuzen: arto beltza. Ekotalo izeneko talogileak egindako eskariz erein zituen udaberrian Galiziatik ekarri zizkion 8 kilo arto, eta hasita dago artaburuak jasotzen. Bi buru ekarri ditu gaur azokara, erakusteko. Arto beltz horrekin egindako taloak udazken-negu honetan dastatu ahal izango dira, beraz, Ekotaloren postuetan.