Bilkoin kultur eta kirol elkarteak 50. urteurrena ospatuko du bihar eta etzi
1970eko hamarkadan sortu zuen emakume eta gizon talde batek elkartea, «herrian egon zitezkeen kirol eta kultur arloko hutsuneak betetzeko» asmoz. 140 bat bazkide dira gaur egun.
Berrogeita hamar urte atzera eginda, 1970eko hamarkadan sortu zen Legorretako Bilkoin Kultura eta Kirol Elkartea, zehazki, 1973. urtean. Mende erdi bat pasa da sorreratik, eta urteurrena ospatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte biharko eta etziko elkarteko kideek.
Emakumeez zein gizonez osatutako talde bat elkartu zen sorreran, Maixabel Lasa hasieratik bazkide izan denak azaldu bezala, «herrian egon zitezkeen kultur eta kirol arloko hutsuneak betetzeko» asmoz. «Azpimarratzekoa» da, 70eko hamarkada izanik ere, emakumeek eraketan parte hartu zutela. «150 bazkide izan ginen hasieran». Gaur egun, belaunaldi ezberdinetako 140 bat bazkide dira.
Elkarte gastronomikoa da, eta kirola eta kultura daude oinarrian. Gai horiei lotutako jarduerak ere egiten dituzte. Bilkoin Basabe areto futbol taldea da horren adierazletako bat. Bidea dute aurretik. Bi egunez, jai giroan ospatuko dituzte 50 urteak.
Urteurreneko jarduerak
Bihar, ostirala:
-16:30. Gymkana Legorretako plazan.
-19:00. Ate irekien jardunaldia eta mokadutxoa elkartean.
Etzi, larunbata:
-12:00. Areto futbol partida mixtoa. Bilkoin elkarteko taldea beste elkarteetako taldearen aurka, Harripilan.
-13:15. Buruhandiak plazan.
-14:00. Agur Jaunak eta Ohorezko Aurreskua, plazan.
-Ondoren. Bazkaria pilotalekuan.
-Bazkalondoren. Bakarrizketa Xabin Fernandezekin eta N-Lezz DJ-en emanaldia.