Deportazioek eragindako eskubide urraketak, mahai gainera Ordizian
Cabo Verden deportatua zegoela hil zen Juan Ramon Aranburu Garmendia ordiziarraren kasua ekarriko dute gogora.
Egia jakiteko garaia da lelopean, ekitaldi publiko bat antolatu du Egiari Zor Fundazioak iganderako, Ordizian. 12:00etan izango da, Herri Antzokian. Deportazioak eragindako oinarrizko eskubideen urraketak izango dituzte mintzagai.
Fundazioak azaldu duenez, euskal gatazka politikoaren baitan, 1983ko abenduan Espainiako zein Frantziako Gobernuek, «oinarri juridikorik gabeko deportazio mota baten diseinua egin zuen frantses estatuan zeuden euskal exiliatuei ezartzeko», nahiz eta «deportatutako pertsonei ez zitzaien delitu zehatzik leporatzen eta ez zegoen inongo epaitegiren kondena-epairik beraien aurka». Guztira 71 pertsonari ezarri zitzaien epaitu gabeko zigor hori, Afrikako eta Hego zein Erdialdeko Amerikako zenbait herrialdeetara bidaliz.
Testuinguru horretan bizitza galdu zuen duela 34 urte Cabo Verden deportatua zegoen Juan Ramon Aranburu Garmendia ordiziarrak. «Deportazioek eragindako eskubide urraketak mahai gainean jarri» eta horren amaiera eskatuko dute igandeko ekitaldian. Besteak beste, exiliatu baten alaba den Miren Azkaratek eta Joseba Sarrionaindia exiliatu ohiak parte hartuko dute.