Euskarazko film laburren lehiaketan izena emateko azken egunak
Aittu euskara elkarteak antolatuta, euskarazko film laburren lehiaketa egingo da, gazteen artean euskara sustatzeko helburuarekin. Irailaren 29ra arte dago zabalik izen ematea.
Aittu Euskara Elkarteak, film laburren lehiaketa antolatu du lehenengoz, gazteen artean euskara sustatzeko helburuarekin. Era berean, lanek gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eta herritarren aniztasuna errespetatu behar dituzte. Izen ematea zabalik dago irailaren 29ra arte.
Film laburrak gehienez ere 15 minututakoak izan beharko dute, formatu digitalean ekoiztuak. Egileek lana Youtubera igo beharko dute eta esteka Aittu Euskara Taldeari bidali aittugazte@gmail.com epostara. Lanak originalak eta inon saritu gabekoak izan beharko dira. Talde guztietan beasaindar bat egon beharko da gutxienez eta hamasei urtetik gorakoentzat da.
Lehiaketara aurkeztutako lanen emanaldia, azaroaren 17an egingo da, Usurbe Antzokian, eta egun berean banatuko dira sariak, hiru guztira. Lehenengo biak epaimahaiak eta hirugarrena ikusleek erabakiko dituzte. Irabazleak 500 eurotan baloratutako landetxe batean asteburu pasa izango du. Bigarren saria, zortzi pertsonentzako otordua Kattalin erretegian. Hirugarren saria, bertako produktuez osatutako otarra izango da.