Haristizabal baserrirako bisitan gaur eman behar da izena
Goierriko hamabostaldi ekologikoko ekintzetako bat da Itsasoko Haristizabal baserrira bisita. Larunbatean izango da, baina izena gaur eman behar da
Itsasoko Haristizabal baserrira antolatutako txangoan izena emateko epea gaur amaituko da. Info@biziola.eus helbidera idatzi behar da. Plazak mugatuak dira.
Txangoa larunbatean egingo dute. Alegia auzoan elkartuko dira, 10:00etan, frontoian. Bertan autoak bete eta elkarrekin igoko dira, Haristizabalgo okindegia eta sagastiak ezagutu, egiten duten lanaren garrantziaz jabetu eta bertako kutixiak dastatzera. Goierriko ekologia hamabostaldiaren barruan antolatutako ekintzetako bat da.
Ostegunean Zure platerean hasten da mundua dokumental emanaldia izango da. Jarraian, solasaldia mokadutxoarekin. Segurako Zopazokan, 18:00etan. Urriaren 4an, berriz, Abeltzaintza ekologikoarekin dena hobetzen da bideoaren aurkezpena eta merienda-solasaldia egingo dute Lazkaoko Biziola Fabrikan, 19:00etan. Eta hamabostaldia bukatzeko, urriaren 7an, Truke-azoka egingo da. Hau ere Lazkaoko Biziola Fabrikan izango da, baina 10:00etatik 14:00etara.