Ijitoa jaitsita festa dator
Itsasondoko festak gaurtik igandera ospatuko dituzte itsasondoarrek. Bihar, herriko gazteek pregoia egingo dute eta ijitoaren jaitsiera izango da, festei hasiera ofiziala emateko.
Itsasondoko festak badatoz. Gaurtik igandera, jai giroan murgilduko dira itsasondoarrak herriko festak ospatzeko. Ekitaldi gehienak bihartik igandera izango diren arren, gaur haurrentzako tailerra izango da, eta jubilatuetan mahai jokoak eta askaria.
Bihar hasiko dira ofizialki festak, pregoiarekin eta jada Itsasondoko festetako bereizgarri den ijitoaren jaitsierarekin. Herriko gazteak izango dira pregoilariak. Kuadrilla eguna ere izango da bihar, eta herri afaria egingo dute elkarrekin 170 bat lagunek. Gauean, Muxutruk erromeriak kontzertua egingo du. Larunbata, berriz, mozorro eguna izango da. Aurten mozorrotzeko gai zehatzik ez dute ezarri eta, hala, mozorrotzeko gaia librea izango da, bakoitzaren gustura. Goizeko eresiaren ondoren, eguerdian Beitiko igoera egingo da, eta paella jana gero. Arratsaldean, besteak beste, Ijitto showa izango da, eta mozorro eguneko mozorrorik esanguratsuenen sariak banatuko dituzte.
Igandean emango diete amaiera jaiei. Haurrentzako puzgarriak, hamaiketakoa eta giza proba izango dira, eta 18:30ean Irribarria-Garmendia eta Zubizarreta-Oliden bikoteek elkarren arteko pilota partida jokatuko dute. Ondoren, ijitoa igoko dute udaletxera, festak amaitu direnaren seinale. Festak borobiltzeko, sagardo dastaketa izango da 20:00etan.
Autobusa eta argazkiak
Gaueko autobus zerbitzua egongo da. Itsasondotik Ordizia eta Beasain aldera autobusak 01:13an, 02:58an eta 04:32an irtengo dira, eta Legorretara 00:55ean, 02:40ean eta 04:25ean.
Aurtengo festetako argazki bilduma bat osatze aldera, udalak herritarrak animatu ditu argazkiak atera eta argazkiak@itsasondo.eus helbide elektronikora bidaltzera.
Gaur, osteguna
- 17:00. Haur tailerra.
- 18:00. Mahai jokoak eta askaria jubilatuetan.
Bihar, ostirala
- 16:30. Zinta karrera eta askaria.
- 18:00. Pregoia, buruhandiak eta ijitto jaitsiera.
- 18:30. Triki poteoa Iñaki eta Insausti trikitilariekin.
- 21:00. Herri afaria.
- 23:30. Muxutruk erromeria.
- Goizaldean. Baratzuri zopa eta txokolate jana.
Etzi, larunbata
- 09:00. Goiz eresia.
- 12:00. Beitiko igoera.
- 14:30. Paella jana.
- 16:30 eta 22:30. Oihan Vega.
- 18:00. ‘Ijitto show’ eta mozorro sari banaketa.
- 20:30. Hanburgesa jana.
- 01:00. N-Lezz DJ.
Etzidamu, igandea
- 09:00. Goiz eresia.
- 10:00 eta 16:00. Puzgarriak.
- 12:00. Hamaiketakoa plazan.
- 18:00. Giza proba.
- 18:30. Pilota partida.
- Ondoren. Pregoia eta ijitoaren igoera.
- 20:00. Sagardo dastaketa.