Josetxo Imaz oroitzeko lasterketak parte hartze zabala izango du
Beasainen hasi eta bukatuko da aurten 10 kilometroko lasterketa, 11:00etan. Izena emateko epea zabalik dago oraindik. Aurrez haur eta gaztetxoen mailako lasterketak jokatuko dira.
Iganderako egun eguzkitsua eta 27 graduko gehienezko tenperaturak espero dira. Josetxo Imazen oroimenezko lasterketan parte hartzeko, edo lasterkariak animatzera inguratzeko giro benetan atsegina. 23. edizioa izango da aurtengoa eta hasieratik bezala, Txindoki Atletismo Taldeak antolatzen du. Beste urtebetez, ilusioa da nagusi antolakuntzako kideen artean, ostera ere, Josetxo Imaz oroituko dutelako, gehien maite zuen kirolaren bidez.
Txindoki atletismo taldeak eskualdeko izaera duenez, Beasain, Ordizia eta Lazkao batzen ditu omenaldi lasterketa honek. Edizioz edizio, aldatzen dena da, non hasi eta bukatuko den. Aurten, Beasainen abiatu eta bukatuko da lasterketa. 10 kilometroko ibilbidea osatuko dute partaideek, Lazkao eta Ordizia zeharkatuta.
Lasterketa herrikoia 11:00etan abiatuko da. Haurrena, 10:00etan.
Izen emateak
Proban parte hartzeko izena eman behar da (kronoak.com). Antolakuntzak aurreratu duenez, 200 pertsona inguru daude izena emanda eta espero dute, 300 izen ematera iristea.
Haurren probak ere izango dira, oso parte hartze zabalarekin gainera; benjamin, alebin, infantil eta kadete mailako 200dik gora gaztetxo espero baitituzte.
Trafiko mozketak
Josetxo Imazen Oroimenezko proba dela eta, igandean, hilak 24, 10:00etatik 12:30ak arte, gutxi gorabehera, trafikoa moztuko da herriko hainbat tokitan. Zaldizurretako biribilgunetik ezin izango da Beasainera sartu, eta Gipuzkoa plazatik ere ezin izango da irten, ezta sartu ere.
Bestalde, Kale Nagusiko, J.M.Iturriotz kaleko eta Nafarroa etorbideko garajeetako erabiltzaileek ezin izango dituzte ibilgailuak atera edo sartu kale horietan.