Jotake Lazkaun taldeak festa egun betea antolatu du, etziko
Jotake Lazkaun taldeak egun beteko festa-egitaraua prestatu du, larunbaterako. Aurreneko aldia da, eta Lazkaoko kaleko giroa suspertu, herritarrak herrian ibiltzera animatu, sagardo dastaketaren inguruan sortzen den giroa zabaldu eta, batez ere, lazkaotarren parte-hartzea lortu nahi dute.
Goiz eresia joko dute 09:00etan kalean, herriko hiru dultzainerok. Lehengo aldia dute, eta herria goizetik animatuko dute. 10:00etan Jotakeko joaldunen saioa izango da.
Herri kirol erakustaldia 12:00etan hasiko da. Lehiakortasunik gabeko ikuskizuna izango da, baina izena emanda dauden hamar taldeak saiatuko dira dena ematen. Txingak eramaten, koskolak biltzen, tokan eta trontzan ariko dira. Bosna laguneko taldeak dira. Gaur bukatuko da izena emateko epea.
Herri bazkaria egingo dute, 15:00etan, plazako frontoian. Antsoategi tabernan eman liteke izena, gaur iluntzera arte. Festako kamiseta berezia erosi behar da (15 euro; ikasleek 10). Bazkariaren prezioa hor sartzen da, eta kamiseta jantzita joan behar da. Txorizoa eta odolkia, txerriki paella, postrea eta kafea izango da.
Gauean erromeria
Bazkal ondoan, apusturen bat egitekotan dira. Lasto altxatzen probatzeko aukera izango dute animatzen direnek.
Taloak egiten jarriko dira, gero, sagardo dastaketaren garaian, 19:00etatik aurrera. Plazako giroari jarraipena eman nahi diote Jotake Lazkaunekoek, eta horretarako Trikidantz taldea ekarriko dute. Erromeria joko dute, 21:00etatik gauerdira arte.