Xabier Zalduak euskal pentatloi txapelketako finalean parte hartuko du larunbatean
Xabier Zaldua zumarragarrak euskal pentatloi txapelketako finalean parte hartuko du larunbatean. 22:00etan jokatuko da, Azpeitiko zezen plazan. Zalduarekin batera, Julen Kañamares nafarra, Aritz Irazabal eta Ioritz Gisasola bizkaitarrak eta Xabat Olaizola eta Andoni Iruretagoiena Izeta IV.a gipuzkoarrak lehiatuko dira.
Zalduak hiru aldiz irabazi du txapelketa eta laugarrengoz irabaziko balu Olasagasti gaindituko luke. Baina faboritoa Izeta IV.a da. Arria II.aren 1983ko errekorra gaindituta sailkatu zen finalera eta finala irabaziko balu, Olasagati eta Zaldua berdinduko lituzke.
100 kiloko bola 25 aldiz altxatuko dute, 400 kiloko harriarekin bi plaza egingo dituzte, hiru kanaerdiko ebakiko dituzte, 50 kiloko txingekin sei plaza egingo dituzte eta hiru kilometro egingo dituzte korrika (30 itzuli). Zaldua bigarren txandan arituko da, ohorezkoan, Izeta IV.arekin eta Xabat Olaizolarekin.
Sarrerak Azpeitiko Mendizabal erretegian jarri dituzte salgai. Larunbatean leihatilan erosi ahal izango dira, 20:00etatik aurrera. Finala ETB1ek emango du, zuzenean.