Zaldibiatik Gaintzarako bidegurutzea egokituko du aldundiak, errepidearen erdian biraketa-errei bat jarrita
Lanak esleitu dituzte, eta lau asteko epean birmoldatuko dute bidegurutzea. Errepidea zabaldu egingo dute pare horretan. Gaintzatik Zaldibiarantz irteteko, itxarote erreia moldatuko dute.
Zaldibiatik Gaintzako errepidera hartzeko bidegurutzean segurtasuna hobetzeko lanak egingo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. GI-2133 eta GI-3371 errepideen arteko elkargunea birmoldatuko dute. Gaur egun dagoen bidegurutze arruntak segurtasun aldetik arriskuak sortzen dituela aitortu du aldundiak; Ordizia aldetik etorrita, Gaintzarantz hartu behar duen ibilgailuak errepidean geratu behar izaten du, eta Gaintzatik Zaldibiarantz hartzerakoan ere, irteteko bi noranzkoak zaindu beharra dago.
Hori horrela, Ordizia-Zaldibia GI-2133 errepidearen erdian biraketa-errei bat sortuko dute. Gaintzarantz hartu nahi duen ibilgailuak, geratzeko, bere espazioa izango du, bi noranzkoen artean. Horrez gain, Gaintzatik Zaldibiarantz jotzeko, itxarote-errei bat sortuko dute.
Errepidea zabaldu egingo dute pare horretan. Lanak esleituta dauzka aldundiak dagoeneko; 103.770 euroko aurrekontua eta lau asteko epea izango dute. Proiektuaren lekua ikusten izan dira, gaur goizean, Zaldibiako alkate Ioritz Berra, Gaintzako alkate Jon Gorrotxategi eta Bide Azpiegituretako foru diputatu Maria Ubarretxena urretxuarra.