Uemak Ataunen egingo du, bihar, agintaldi hasierako batzar nagusia
Hurrengo lau urteetarako zuzendaritza taldea eta lehendakaria aukeratuko dituzte. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea osatzen duten 101 ordezkariak elkartuko dira.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) Ataunen egingo du, bihar, agintaldi hasierako batzar nagusia. Elkargoa osatzen duten 101 herrietako ordezkariak daude bilkurara deituta, tartean Goierriko hamabi. Ataungo Herri Antzokian egingo dute batzarra, 10:00etan hasita.
Udal agintaldi politiko aldaketa irudikatzeaz gain, mankomunitate barruko aldaketa gauzatuko den batzarra ere izango da. Izan ere, zuzendaritza batzorde berria aukeratuko dute, eta lehendakari eta lehendakariorde berriak izendatu. Lau urterako kargua hartuko dute. 2019-2023 agintaldian Elgetako alkate Iraitz Lazkano (EH Bildu) izan da Uemaren lehendakaria, eta Bermeoko alkate Aritz Abaroa (EAJ) lehendakariordea. Agurreko batzarra izango dute Ataungoa.
Uemaren estatutuek zehazten duten bezala, maiatzaren 28ko udal hauteskundeen emaitzen arabera osatuko dute zuzendaritza batzorde berria. «Alderdiek udaletan duten ordezkaritzaren arabera erabakitzen dute bakoitzak zenbat ordezkari edukiko dituen zuzendaritza batzordean, eta zerrenda adostasunez onartu ohi du Batzar Nagusiak», aurreratu du Uemak.
Behin zuzendaritza batzordea hautatuta, lehendakaria eta lehendakariordea izendatuko dituzte. Lau urteko agintaldiari amaiera emanda, lekukoa beste alkate bati pasatuko dio orain arte Uemako lehendakari izan den Iraitz Lazkanok.
Hedapenarekin jarraitu
Ataungo Herri Antzokian egingo dute Uema osatzen duten 101 udalerrietako ordezkariek batzarra, 10:00etan hasita. Ez da luzea izango, 10:45erako iragarri baitute lehendakari berriaren agerraldia prentsaren aurrean. Gainerako zuzendaritza batzordekideekin batera aterako da, aurreneko adierazpen publikoak egitera.
Lehendakari eta lehendakariorde berriak aukeratuko dituzte batzarrean
Kide gehiago batu eta ‘euskararen lurgunea’ zabaldu nahi dituzte, hurrengo urteetan
2023-2027 agintaldirako zenbait ildo estrategiko abiatuta dauzka lehenagotik Uemak. Baina, biharko irekierari begira, lehentasunetako bat Mankomunitatea haztea dela azaldu dute, aste honetan bertako iturriek. «Ikasturte honetatik aurrera, ahalik eta udalerri euskaldun gehien Uemako kide izatea» jarri dute langintzetako bat.
Euskararen ‘lurgunea’
«Euskararen lurgunea» zabaltzea da beste «erronka» bat, baita euskararen biziberritzean «egiturazko aurrerapausoak» ematea ere, hedapen geografikoarekin batera.
«Herritarren kontzientziaziorako eta udalerri euskaldunen ikerketarako eta garapenerako urratsak egitearekin batera, euskararen lurgunea zabaltzea eta euskararen biziberritzean egiturazko aurrerapausoak ematea hartu ditu elkargoak agintaldi berrirako erronkatzat, herritarren kontzientziaziorako eta udalerri euskaldunen ikerketarako eta garapenerako urratsak egitearekin batera».
Uemako kide dira –eta, horrenbestez, biharko batzarrean parte hartzeko eskubidea dute– Goierriko hamabi udalerri. Hego Euskal Herrikoak dira kide guztiak: Arabakoa bat, Bizkaikoak 30, Gipuzkoakoak 54 eta Nafarroakoak hamasei. Ipar Euskal Herrikorik ez da.
- Altzaga
- Arama
- Ataun
- Ezkio-Itsaso
- Gabiria
- Gaintza
- Idiazabal
- Itsasondo
- Legorreta
- Segura
- Zaldibia
- Zerain