Juan Ramon Aranburu deportatu ordiziarra gogoan
Egiari Zor Fundazioak antolatutako ekitaldian Juan Ramon Aranburu deportatu ordiziarra omendu dute, 'Egia jakiteko garaia da!' lelopean.

Juan Ramon Aranburu Garmendia deportatu ordiziarra izan dute gogoan gaurkoan, Egiari Zor Fundazioak Egia jakiteko garaia da! lemapean antolatutako ekitaldian. Goizeko 12etan hasi da ekitaldia Ordiziako Herri Antzokia lepo zelarik. Lehenik eta behin, Aranbururen bizitzaren eta exiliora eraman zuen ibilbidearen errepasoa egin dute, hitzez zein bideoz.
Aranburu 1973an Ipar Euskal Herrira joan zen ihesi, baina 1986an, Frantziar Estatuak deportatu egin zuen Cabo Verdera. 1989an Cabo Verden bertan itota hil zen, baina ekitaldian adierazi dutenaren arabera, «istripua izan zela argi dagoen arren, bere etxetik horrenbeste kilometrora hiltzea ez dela istripu hutsa, baizik eta erabaki politiko batek ekarritako ondorioetako bat». «Epaiketarik gabeko zigor amaigabea da deportazioa» zioen aurkezleak eta gaurko ekitaldia garaiko marko politikoaren baitan kokatu du, errepaso honekin garai hartarako bidaian murgilduz ikuslegoa. Behin hitz hauen ondoren, Juan Ramon Aranbururen bizitzaren inguruko bideo bat jarri dute.
«Errelatoaren gatazka» dela batzuek «inposatu» nahi dutena adierazi dute eta horrekin batera «garaile eta gaituen errelatoa elikatzen» dutela. Hau hala izanik, horrelako ekitaldien «garrantzia» azpimarratu dute. Biktima guztien «aitortza, errekonozimendua eta erreparazioa» jarri dituzte «elkarbizitzarako» gako nagusi gisa. Behin hitz hartze honen ondoren, Igor Eguren bertsolariak bertsoz jarri dizkio hitzak omenduari. Bertso honetan «historiaren ahanzturan eror ez dadin kontakizun hau» aldarrikatu du.
Jarraian aski ezagunak diren bi pertsona izan dira oholtzan: Joseba Sarrionandia eta Miren Azkarate. Miren Azkarate Ikusezinak liburuaren idazlea da. Azkaratek bere zein beste 8-9 familiatako kontakizunak eta sentipenak jasotzen ditu liburu honetan, guztiak deportatuen familietakoak. Gaurkoan, liburu honetan aipatzen dituen zenbait kontuz aritu da, batez ere, norbere bizipenetatik nola sentitzen zen «ikusezin» deportatu baten alaba izanik.
71 deportatu izan dira eta egun, oraindik, «5 deportatu» daudela aipatu dute lurralde desberdinetan zehar sakabanatuta. Horrez gain, askotan deportatuen aldeko aldarri gisa erabili den silueta beltzaren atzean pertsona bat dagoela bere izen, abizen, historia, familia, lagun eta abarrekin gogorarazi nahi izan dute.
Ondoren, Juan Ramon Aranbururen senideak oholtzara igo dira eta Igor Egurenek bertso bat eskaini die. Jarraian, agurra dantzatu diete senideei eta haientzat oso berezia izan da senideetako bat izatea dantzan egin duena, Aranbururen biloba, hain zuzen ere. Eskerrak eman dizkiete familiari ‘Juanra’-ren irudia bizirik mantentzeagatik eta elkartasuna, babesa eta aitortza publikoki ematearen garrantzia azpimarratu dute.
Ekitaldiari bukaera emateko Egiari Zor Fundazioko Pilar Garaialdek hitz egin du eta ondoren ikusle guztiek elkarrekin Eusko Gudariak abestu dute.