Asteklimaren baitan, ikuskizuna eta dokumentala
'Into the ice' hitzaldia eta dokumentala eta haurrentzako 'Niararen bidaia' antzezlana eskainiko dituzte datozen egunetan.
Urriaren 1ean amaituko da Asteklimaren laugarren edizioa, «herritarrak beharrezko trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren aurrean kontzientziatzea eta mobilizatzea helburu» duen ekimena. Horren harira, Idiazabalen hainbat ekintza antolatu dituzte datozen egunetarako. Batetik, etzi, Into the ice hitzaldia eta dokumentala ikusteko aukera izango da 19:00etan. Eñaut Izagirrek gidatuko du berau.
Hurrengo egunean, aldiz, Niararen bidaia izeneko haurrentzako ikuskizuna eskainiko dute 18:00etan. Antzezlan honetan antzerkia, txotxongiloak eta itzalen antzerkia tartekatuko dituzte, eta helburua “gazteak klima aldaketak naturan duen eraginari buruz sentsibilizatzea” da. Antzezlan hau Patata Tropikala antzerki taldearen eskutik izango da.
Bi ekitaldiak Guraso Elkartean izango dira.