Izan eta aldatu, euskaraz
Beasaingo Aittu! Euskara Elkarteak euskararen normalizazioren alde lanean jarraitzeko, Aittukideak erakartzeko deia egin du, ‘Izan eta aldatu’ lemapean. Whatsapp bidez jasoko da eskuorria
Euskararen alde eragiteko deia egin du Beasaingo Aittu! euskara elkarteak, Izan eta aldatu lemapean. Arratsaldean aurkeztu dute Aittukideak erakartzeko kanpaina berria, Aittukide gazteek.
Euskararen normalizazioan lanean dihardu Aittu! elkartea, baina Aittukideak «behar-beharrezkoak» direla aditzera eman dute. «Herri hau, eta gurea bezalako herri guztiak, Euskal Herri guztiak, herritarren ekimenetik eraiki dira, baita euskara ere» eta «herritarren bultzadarik gabe euskara ez legoke gaur dagoen egoeran, askoz okerrago baizik» ohartarazi zuten.
Baina, hala ere, euskarak oraindik ez du behar duen tokia, horregatik abiatu dute elkartera batzeko kanpaina hau. «Norberak ahal duen neurrian bultzada emateko konpromisoa har dezake» informatu dute. «Herritarren jarrera eraldatzailerik gabe ez dago aldaketarik eta aldaketarik gabe ez dago gizarte berrikuntzarik, azken batean, ez dago aurrerabiderik, ezta etorkizunik ere euskara bezalako hizkuntza ahul batentzat».
Hala, Beasaingo kaleetan ehun pegatina handi jarri dituzte eta sare sozialen bidez euskararekin arduratuta dauden herritarrentzat eta laguntza emateko, handia nahiz txikia, prest dauden beasaindarrentzat Aittukide izateko izen-emate orria zabalduko dute telefono mugikor bidez, Whatsappez.
Ardura sustatzea
Irailaren 3an, Kataluniako Carme Junyent hizkuntzalari eta katalanaren militantea zendu zen eta omenalditxoa egin eta haren hitzak ekarri nahi izan dituzte gaurko aurkezpenean.
Izan ere, Junyentek zioen hiru herritar mota daudela: Hizkuntzarekiko ardura dutenak, %15 dira. “Horrelako herritarrak ditugu ezinbesteko euskara normalizatzeko ahaleginean”. Gizartearen multzorik handiena, “herritar axolagabeena” da. Horiek, %70a osatzen dute. “Horiengan eragin behar da ardura har dezaten eta gure borrokara etxekotzen egin behar dugu ahalegina”, aldarrikatu zuten Aittukideek. Eta, azkenik, ahuldutako hizkuntza sustatzearen aurkakoak direnak, azken %15a osatzen dutenak. Horiekin denborarik ez galtzea gomendatzen zuen Junyent.
Elkarteen egunarekin bat
Urriaren 7an, aldiz, herrigintzan eta gizarte eragiletzan dabiltzan Elkarteen Eguna ospatuko da Beasainen. Egun horretan kalean izango da Aittu! Euskara Elkarteaere eta elkartera batzeko izen emateko orriak eskuragarri izango dira bertan.
Gainera, egun horretan Aittu! Euskara Elkartean laguntzen ibili diren, dabiltzan eta ibiliko diren herritar guztiei opari bana banatuko diete. Beraz, “Aittukide guztiak animatzen ditugu bere oparia jasotzera etortzea”.