Klima aldaketaren arazoei erreparatuko diete Olaberriko Astekliman
Egitaraua gaur hasiko da. Etxebizitzen berokuntza eta isolatze sistemak landuko dituzte hitzaldietan. Saguxarren garrantziaz ohartarazteko lanketa egingo dute, eta estazioa aurkeztuko dute.
Olaberrian egitarau berezia antolatu dute Asteklimarekin bat egiteko. Aste honetan izango dira ekitaldi gehienak. Klimaren eta Energiaren Euskadiko III. Astea ari garatzen, urriaren 1era arte, eta olaberritarrak klima larrialdiaren ondorioez eta horri aurre egiteko trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren beharraz kontzientziatzeko antolatu du Olaberriko Udalak astea.
Gaur hasiko da egitaraua. Uhin energia aholkularitza etxeko Rafa Irastortzak etxebizitzen berokuntza sistema ezberdinak azalduko ditu (18:00etan, udaletxean).
Saguxarrei jarriko diete arreta, bestetik. Bi ekitaldi izango dira. Bihar, Naturtzaindia elkarteko Garazi Auzmendi ataundarrak herri eskolako ikasleei landuko du gaia; 09:15ean ikasgelan bi saio emango ditu, HHkoei eta LHkoei bereizita. 11:15 aldera, ibilaldia egingo dute, lehendik jarritako kaxak ikustera. Kuttun guraso elkartekoek hamaiketakoa aterako diete, ondoren.
Saguxarrekin jarraituz, baina herritar guztiei irekita, ostiralean 19:30ean Saguxarren Gaua egingo dute. Azalpen orokor batzuk entzunondoren, uhin detektagailuekin saguxarren bila irtengo dira.
Estazio meteorologikoa
Larunbatean, Arantza Aranburu geologoarekin batera, eskola ondoko baratzean kokatutako estazio meteorologikoa herritarrei aurkeztuko diete, 11:00etan.
Azkenik, urriaren 10ean, GO2 arkitektura enpresako Oihana Ollokiegik etxebizitzen isolamenduak energiaren aurrezpenean duen eraginari buruz ikastaro bat zuzenduko du (18:00).