27. mendi bizikleta martxa egingo dute larunbat honetan
Bi ibilbide egongo dira: motza eta luzea. Izena egunean bertan eman beharko da.
Datorren larunbatean, hilaren 30ean, 27. mendi bizikleta martxa egingo dute Ormaiztegin San Migeletako egitarauaren barnean. Goizeko bederatzietan izango da ibilbidearen irteera, udaletxe aurretik, eta parte hartu nahi duenak izena 08:15ean eman beharko du izena, udaletxe azpian.
Txirrindulari federatuek bost euro ordaindu beharko dituzte izena ematean; federatu gabeak, aldiz, hamar.
Mendi bizikleta proba historiko honetan, bi ibilaldi egiteko aukera izango da; bata luzea, eta motza bestea. Ibilbide laburrena gaztetxoentzat dago pentsatuta, eta hamabi kilometro izango ditu. Ibilbide luzeak, aldiz, hogeita bederatzi kilometro izango ditu.
Ibilaldia
Antolatzaileek argitaratu dute dagoeneko aurtengo ibilbidea: Ormaiztegitik atera eta Lierniko bide berdea, Barnaola, Mutiloa, Zerain, Aizpeako Labeak, Larrosain, Otaño, Aizpuruko borda, Moñastegizar Barnaola eta Liernitik igaro ostean, Ormaiztegin amaituko dute aurtengo martxa.
Antolatzaileek adierazi dutenaren arabera, bidean zehar parte hartzaileek edaria eskuratzeko aukera izango dute, eta behin ibilbidea amaituta, gosaria eta zozketa bat izango dira partaide guztientzat.
Gaineratu dute, bestalde, hamabi urtez azpikoek lagunduta joan beharko dutela ibilbidera, eta kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa dela ere izan dute hizpide.