Olaberriko txapelketa Haize-Lekuko sagardoak irabazi du
Hirugarren aldiz jantzi du txapela Jokin Arratibelek, lehiaketak dituen sei urteetatik erdietan. Giro ederrean egin dute aurten ere dastaketa, iaz baino sagardo gutxiago izanagatik. Datorren urterako hasiak dira.

Olaberriko VI. Sagardo Txapelketa Herrikoiak beste urte batez herriko sagardogileen eta sagastien emaitzaren neurria goian utzi du. Larunbat arratsean egin zuten, Arkupe elkartean. 30 bat lagun elkartu ziren, lehiaketara aurkeztutako zazpi sagardoak probatu –denak herrian bertan eta zaletuek eginak–, puntuatu, eta iluntze atsegin bat igarotzeko. “Festa bat izan zen, oso giro politean”, azaldu dute han zirenek.
Hirugarren aldiz, Haize-Leku etxeko Jokin Arratibelek egindako sagardoak irabazi du. Bigarren Txaraberri (Felix Urteaga) eta hirugarren Aranguren (Gari Arrieta) izan ziren.
Normalean baino sagardo gutxiago izan dira aurten: zazpi. Iaz baino bi gutxiago. Izan ere, sagar urte makala suertatzen denean, iazko sasoian bezala, batzuek ez dute egiten. Besteek, egitearren, sagarra lortzen dute nondik edo handik. Datorren urtean ere herriko sagardoa izan dadin, batzuk hasita daude dagoeneko, eta besteek aurki ekingo diote. “Animatuta gaude beste behin sagardoa egiteko”, aurreratu dute.

Olaberriko sagardo txapelketan parte hartu dutenak, erdian Jokin Arratibel irabazlea dutela. /Hitza