Ostegunean ekingo diete ibilaldi osasuntsuei Beasainen
Ez da beharrezkoa izena ematea. Ordu eta erdiko ibilaldia egingo dute, 10:00etan Erauskin plazatik abiatuta. Eguraldi txarra egiten badu, kiroldegian ariketa saioa egingo dute. Kirol aholkularitza zerbitzua datorren astelehenetik izango da martxan.

Ostegunerako zapatilak eta ariketa fisikoa egiteko arropa aproposak prest edukitzeko gonbita luzatu dute, 10.00etan abiatuko baita Ondo ibili, ondo izan ekimena.
Ikasturte berriari hasiera emateko elkartu dira udaleko eta ekimenean parte hartzen duten eragileen ordezkariak (Nagusilan, Urbiberi, Asmube,…), eta Leire Artola alkateak gogorarazi duenez, «osasun fisikoa bakarrik ez, hain garrantzitsua den osasun psikologikoarentzat ere onuragarria da ibilaldietan parte hartzea, ariketa fisikoa egiteaz gain, harreman sozialak ere egiten direlako». Helena Ruiz kirol zinegotziak ere alderdi hori nabarmendu nahi izan du herritarrak parte hartzera animatzeko.
Erauskin plazatik abiatuta, ordu eta erdiko ibilaldia egin ohi dute, eta eguraldi txarra eginez gero, kiroldegian ariketa desberdinak egiten dituzte. Parte hartzeko, ez da beharrezkoa izena ematea, ostegunean 10:00etan Erauskin plazara inguratu baino ez da egin behar. Ariketaren ondoren, Urbiberri gizarte zentroan mokadutxo bat janez ematen diote amaiera.
Kirol aholkularitza
Bestalde, datorren astetik martxan izango da kirol aholkularitza zerbitzua ere, Peru Elosegi kiroldegiko langilearen eskutik. Medikuak edo endokrinoak bideratuta ematen da zerbitzua, astelehenetan 10:30etik 12:30era, osasun zentroan.