Asteklima Euskadiko klimaren eta energiaren astearen barruan kokatzen dira bi jarduerak. Legazpikoa ostegun arratsaldean egingo dute, eta Urretxukoa ostiral arratsaldean. Doan dira, baina izena eman behar da aurretik.
Uggasa garapen agentziak bisita gidatuak antolatu ditu zuhaitzek klima aldaketaren aurrean duten paper eta eragin garrantzitsua ezagutzera emateko. Bisitak Legazpin eta Urretxun izango dira. Asteklima Euskadiko klimaren eta energiaren astearen barruan kokatzen dira bi jarduerak.
Legazpiko bisita gidatua ostegunean izango da, Mirandaola parkean, pilotalekutik 18:30ean abiatuta. Urretxuarrak, berriz, Gernikako Arbola plazan elkartuko dira, 18:30ean horiek ere. Ordu beteko iraupena izango dute, eta parte hartzeko izena eman behar da 943 725 829 telefono zenbakira deituta. Bisita gidatuak doan dira.
Asteklima eta zuhaitzak
Iaz, Uggasak eta Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko udalek bultzatuta, Goierri garaiko hiru herri horietan 58 zuhaitz espezie identifikatu zituzten ikastetxeekin elkarlanean eta 120 identifikazio plaka jarri zituzten.
Aurten, eta Euskadiko klimaren eta energiaren astearen barruan, bigarren fase bati ekin diote, eta Urretxun eta Legazpin 46 plaka gehiago jarri dituzte beste hainbeste zuhaitzetan.
Bigarren fase honen helburua klima aldaketak dituen ondorioei buruz sentsibilizatzen eta informatzen jarraitzea da. Horretaz gain, kaleetan dauden espezieak ezagutzeak duen garrantzia azpimarratu nahi dute. Gainera, zuhaitzek klimaren erregulazioan duten paper garrantzitsua nabarmendu nahi dute, arnasten den aireari mesede egiten diotelako.
Herritarrek ohiturak aldatu behar dituztela ere eman nahi dute jakitera. Helburua CO2 isuriak murriztea da, “hori baita klima aldaketa eragiten duten berotegi efektuko gas nagusietako bat”.
Urretxun, 23 plaka gehiago
Urretxuk, 23 plaka jarri ditu herrigunean eta Legazpik beste 23 Mirandaola parkean. Zuhaitz espezie bakoitzak bere QR-a du, informazio ugariz osatutako fitxara zuzentzen duena. Fitxak espezie horren berezitasunen bat, bitxikeriak eta esanguratsuak izan daitekeen informazioa jasotzen ditu, besteak beste.