'Psikoeskape', Urrup antzerki taldearen lanik berriena Beasainen
Usurbe Antzokian izango da emanaldia, ostiralean, 20:30ean.
Urrup antzerki taldea Beasainen izango da berriro ere, bere antzezlan berrienarekin. Ekainean, Si ellas hablaran obrarekin lortutako arrakasta eta gero, Beasaingo publikoaren aurrean jartzeko gogotsu daude Urrupeko aktoreak, oraingo honetan, Psikoeskape izenburua duen komedia zoroarekin. Ostiralean izango da emanaldia, Usurbe Antzokian, 20:30ean hasita. Euskaraz izango da. Sarrerak leihatilan edo internet bidez eros daitezke.
Rosa Rojoren zuzendaritzapean, Ana Martinez taldekideak idatzitako antzezlana interpretatuko dute, Martinezek berak, Gorka Lariz, Lucia Hurtado, Juan Manuel Pecharroman, Jose Luis Elorza, Julen Iraola, Maialen de Carlos, Marisol Cavero eta Julen Paredesekin batera.
Euskarazko lana da. Hain zuzen ere, taldearen hasieratik, hogeita hamar urte baino gehiago, euskararen normalizazioan eragiten ahalegindu da Urrup antzerki taldea. Euskaraz eginiko azken antzezlanak Tennessee Williamsen Larkspur lozioaren markesa eta Zapaldutako petunien kasua izan ziren. Baina beste batzuk ere aipa daitezke, hala nola Desio izeneko tranbia, Shakespeare-ren Zuek nahi bezala, Dario Fo-ren Ez dago lapurrik onik ez dakarrenik, Sanchis Sinesterra-ren Figuranteen matxinada, Ionescoren Arrautza kontua eta beste asko.
Sinopsia
Xabier, Larraitz, Oskar, Antton, Peru, Saioa, Raquel… zu eta ni bezalakoak dira, hau da, ez daude burutik sano. Horregatik iritsi dira Psikoeskapera. Eta zu? Erabakiak hartzea zaila egiten zaizu? Ezetz esaten ez dakizu? Zure obsesioek arriskuan jartzen zaituzte? Zure semeak ez dizu hitz egiten? Gurasoek nazkatzen zaituzte? Beldur eszenikoa duzu? Zerbait egin nahi duzu, baina ezin? Ez gehiago pentsatu. Zatoz Psikoeskapera. Profesionaltasuna, enpatia, hurbiltasuna. Psikoeskapen aurkituko duzu irtenbidea. Edo agian ez?