Adineko pertsonak aktibatzeko 'Aktibatu zaitez!' programa aurkeztu dute
Kultur ekimenak, jarduera fisikoa, informatika eta komunikazioa eta osasun eta ongizate arloko ekintzak egiteko aukera izango dute erretiratu eta pentsiodunek urritik aurrera. Urriaren 9an itxiko dute jardueretan izena emateko epea.
Adineko pertsonak aktibatzea helburu duen eta Zuhaizti zentro sozialak osatu duen Aktibatu zaitez! programa aurkeztu dute gaur goizean, zentroan bertan, Jon Ander Caballero Adinekoen Ongizate zinegotziak, Raquel Bravo Zuhaiztiko juntako zuzendariak, Kristina Altuna berdintasun teknikariak eta Zuhaiztiko hainbat ordezkarik. Ohi bezala, adinekoak fisikoki zein psikologikoki osasuntsu mantentzeko zenbait jarduera antolatu dituzte eta urritik aurrera egin ahal izango dira.
Ordiziar heldu eta adineko guztiei zuzendutako programa da, batez ere erretiratuei eta pentsiodunei. Hiru arlotan banatu dituzte ekintzak: kultur ekimenak eta jarduera fisikoa (3.0 programaren barruan La Caixa Fundazioarekin elkarlanean), informatika eta komunikazioa, eta osasuna eta ongizatea.
Herritarrak deitu dituzte jardueretan parte hartzera. Izena emateko epea urriaren 9ra arte egongo da irekita. Horretarako Zuhaizti Gizarte Zentrora jo behar dute interesa dutenek, edo 657 79 18 13/943 889 288/688 82 23 29 telefonoetara deitu. Zuhaiztiko bazkide ez direnek kuotaren %20ko igoera izango dute.
Aktibatu zaitez programa
Kultur ekimenak eta jarduera fisikoa:
- Adimena lantzen. Astelehenetan, 15:30ean eta 17:00etan.
- Euskara eskola. Asteazkenetan eta ostiraletan, 16:00etan.
- Jarduera fisiko lasaia. Asteartetan eta ostegunetan, 16:00etan eta 16:45ean.
- Pilates. Astelehenetan eta asteazkenetan, 10:30ean.
- Erlaxazioa. Astelehenetan eta ostiraletan, 16:00etan eta 17:00etan, edo asteartetan eta ostegunetan, 10:15an eta 11:15ean.
- Eskulanak. Asteartetan eta ostegunetan, 17:30etan.
- Aretoko dantzak. Asteazkenetan, 16:30ean, 18:00etan edo 19:30ean.
- Abesbatza. Astelehenetan, 12:15ean, eta ostiraletan, 18:15ean.
Informatika eta komunikazioa:
- Teknologia berriak. Astelehenetan eta asteazkenetan, urritik azarora, 15:00etan eta 17:30ean.
Osasuna eta ongizatea:
- Autonomia tailerra. Asteartetan, urritik abendura, 17:30ean.
- Lagunen arteko irakurketa tailerra. Astelehenetan, 17:30ean.