Datorren astean hasiko da Jabekuntza Eskolako ikasturte berria
Aurreko ikasturtean bezala, udazkeneko egitarauak ikastaro ezberdinak biltzen ditu. Batukada feminista, autozaintza eta sendabelarrak egiteko tailerrek jarraituko dute, eta bi ikastaro berri txertatu dituzte: brikolaje tailerra eta xilografia tailerra. Izena emateko epea zabalik dago.
Hurrengo astean, urriarekin batera, Ordiziako Jabekuntza Eskolako ikasturte berria hasiko da. Udazkenean aurreko ikasturteko hiru ikastarori jarraipena emango zaie, eta beste bi berri egiteko aukera ere izango da. Gaur eguerdian aurkeztu dute udazkeneko programa, Jabekuntza Eskolako plazan.
Laura Muelas de Ayala Eihera kooperatibako kideak azaldu duen bezala, 3 urte daramatzate Jabekuntza Eskola garatzeko prozesuarekin, udalarekin elkarlanean, eta hasi zirenetik geroz eta emakume gehiagok dakite zer den eskola bera eta non dagoen. “Ordiziako emakume orok erabili dezake. Geroz eta gehiago etortzen dira, ez bakarrik ekintzetara, baizik eta talde motorrean parte hartzera. Poliki-poliki masa bat eratzen ari gara, Ordiziako emakumeentzat zein inguruko emakumeentzat”.
Herriko zein inguruko herrietako emakumeen desirak, beharrak eta nahiak ezagutu nahi dituzte, ahalik eta eskaintzarik egokiena lantzeko, eta horretan dabiltza. “Lortu dugu adin ezberdinetako emakumeak, jatorri ezberdinetako emakumeak eta ideologia edo kolektibo ezberdinetako emakumeak biltzea, eta uste dut oso garrantzitsua dela”.
Aurrez egindakoak nola funtzionatu duen eta zer proposamen iristen diren aztertu ondoren, udazkeneko programa prest dute. Udaberrira arte izango dira aurreko ikasturteetan ere egin diren batukada feminista, autozaintza eta sendabelarrak egiteko tailerrak. Azaroan, berriz, egun bateko oinarrizko brikolaje tailerra egingo da, eta hiru eguneko xilografia tailerra.
Izena emateko epea zabalik dago. Parte hartu nahi dutenek jabekuntzaeskola@ordizia.eus helbide elektronikora idatzi behar dute.
Jabekuntza Eskolako udazkeneko programa:
- Batukada feminista (18:00etatik 20:00etara): Urriaren 5ean eta 26ean, azaroaren 9an eta 23an, abenduaren 14an, urtarrilaren 11n eta 15ean, otsailaren 8an eta 22an, martxoaren 7an eta 21ean, apirilaren 18an, maiatzaren 2an, 16an eta 30ean, eta ekainaren 13an.
- Sendabelarrak (17:00etatik 20:00etara): urriaren 4an eta 18an, azaroaren 15ean eta 29an, abenduaren 13an, urtarrilaren 10ean eta 24an, otsailaren 7an eta 21ean, martxoaren 6an eta 20an, apirilaren 10ean eta 24an, maiatzaren 15ean eta 29an, eta ekainaren 5ean eta 19an.
- Autozaintza gure ongizatearen oinarri (17:30etik 19:30era): urriaren 19an, azaroaren 16an, abenduaren 14an, otsailaren 15ean, martxoaren 14an eta apirilaren 11n.
- Oinarrizko brikolaje tailerra (9:30etik 14:00etara): azaroaren 18an.
- Xilografia tailerra (18:00etatik 20:00etara): azaroaren 6an, 13an eta 20an.