Kultur ekitaldiz josia dator udazkena Beasainen
Udazken kulturaleko egitaraua aurkeztu dute gaur. Musika, erakusketak, antzerkia, ipuin kontaketak,... 50 ekitaldi desberdin izango dira, azaroaren 10era arte.
Kultur arloari dagokionez, bete-betea dator udazkena Beasainen. «Azaroaren 10era arte, 50 ekitaldi desberdin izango dira», iragarri du Leire Artola alkateak, Mariola Pascual kultur zinegotziarekin eta Amaia Gomez de Segura kultur teknikariarekin batera, gaur goizean udaletxean egin duten aurkezpenean.
Hemen da Udazken kulturala, «benetan anitza eta zabala izango dena, non kultur adierazpen guztiek izango duten lekua», deskribatu du Artola alkateak. Beasain eta kultura «eskutik» doazela nabarmendu du; «udal bezala, kultura sustatzea eta babestea dagokigu» izan dira alkatearen hitzak kultur arloari garrantzia emanez.
Musika kontzertuak, erakusketak, ipuin kontaketa saioak, antzerkiak, bisita gidatuak, liburu aurkezpenak, dantza saioak,… Mariola Pascual kultur zinegotziak informatu duenez, «etxeetan jaso dira esku-orria eta udalaren webgunean eta aplikazioan ere kontsulta daiteke egitaraua». Buzoietan jaso denak, urriaren 21era arteko ekitaldiak jasotzen ditu. Hortik aurrerakoak, beranduago jasoko dira. Bitartean, egitarau osoa, hemen.
Elkarteen eguna
Egitarau zabal hau osatzeko, herriko elkarteen kolaborazioa ezinbestekoa da, zalantzarik gabe. Eurak baitira «herria bizirik» mantentzen dutenak, alkatearen hitzetan. Horregatik, Amaia Gomez de Segurak, nahiz eta banan-banan zerrendatu dituen udazkenekoak, azpimarra berezia egin dio urriaren 7rako antolatu duten elkarteen egunari.
Egun horretan, Beasaingo kultur elkarteek urtean zehar egiten duten lanari ikusgarritasuna emango zaio. Atxipi, Haurtzaka, Goiz eresi txistulariak, Argizpi, Asmube, Arrano, Aizkorri, Lemniskata, Hijos de Martin y Loinaz, Loinatz abesbatza, Akaitz konpartsa eta Bear elkarteak dira, besteak beste.
Azken elkarteari horri dagokionez, Bear pintura, berritasun batekin dator. Aurreratu dute, urriaren 28an, lehenengoz, margolaritza kalera aterako dutela.
Bestalde, 2025 udal egutegirako gaia, Beasaingo auzoak izango dela ere jakinarazi dute gaurko prentsaurrekoan. Gogoratu ere, 2024 udal egutegirako argazkiak aurkezteko azken eguna irailaren 30a izango dela.
Gogoratu ere, egun hauetan, Maritzuli konpainiak ondutako Euskal Herriko ezpata-dantzen erakusketa ikusgai dagoela Igartza jauregian. Urriaren 4ra arte bisita daiteke.