Loinatz abesbatzak Kantik Ahots Musika Zikloan kontzertua emango du larunbatean
Tolosako San Frantzisko elizan izango da, Hodeiertz abesbatzak antolatuta.
Tolosako Hodeiertz abesbatzak antolatuta, aurten ere Kantik Ahots Musika Zikloa egingo da, bosgarren aldiz, bi kontzertu erakargarrirekin. Lehena, irailaren 30ean, larunbat honetan, izango da, eta Beasaingo Loinatz abesbatzak emango du. 1939an sortua, ordutik hainbat zuzendari izan ditu Loinatz abesbatzak. Orain gutxi, Aitor Garitano tenore bergararrak hartu du taldearen zuzendaritza. Gaztea izanagatik, eskarmentu handiko musikaria da jadanik, nazioarteko maisu handiekin trebatu baita. San Frantzisko elizan izango da emanaldia, 20:15ean, eta sarreraren prezioa 5 eurokoa izango da.
Kantik zikloko hurrengo hitzordua, berriz, urriaren 7an izango da, Zaragozako Teselas taldea izango delarik entzungai.