Lore koloretsuak negurako ere badira
Neguari begirako loreen eskaintza handitzen doa, oraindik tenperaturak uda gogora ekartzen duen arren. Ezti gehiago ere badago orain aukeran, Jon Etxeberriaren itzulerarekin.
Kolore biziak eta alaiak ez dira udaberriko eta udako kontuak bakarrik, eta hala erakutsi dute Ordiziako azokara iritsi diren neguko lore berriek, pentsamenduek.
Lore kontuetan izan ziren atzo berritasun nabarmenenak ferian, baita Jon Etxeberria ezti saltzailearen denboraldi hasiera ere. Horrez gain, onddo eskaintza zabala eta Valentziako zitrikoen iritsiera ere aipatu behar dira.
Pentsamenduak, itzalean oraindik
Loreei dagokienez, neguko kontuak duela aste pare bat hasi ziren, eta aurretik ziklamena eta azalea zeuden salgai Iñaki Azanzaren postuan,. Atzo hasita, pentsamendua ere erosi daiteke, honako hau Maria Dolores Mendizabalen postuan.
Neguko loreak dira pentsamenduak, eta oraindik tenperatura epelak daudenez, itzalean aldatzeko gomendatzen zien erosleei aramarrak. Landare bakoitza 1,5 euroan zuen salgai.
Antirrhinum deritzan lore koloretsua ere bazuen postuan, eta hori ere oso aproposa da neguari begira (1,5 euro bakoitza).
Bost ezti mota
Jon Etxeberria ere udazkena hastearekin batera itzuli da Ordiziako feriako bere postura, erleek azken hilabeteetan egindako lanaren emaitza erakustera eta saltzera. Hasteko eztia eta propolia eraman ditu.
Bost ezti mota aurkeztu zituen Etxeberriak. Ezti ekologikoa da horietako bat, kiloko ontzietan ontziratuta eta 13 euroan salgai. Koltza eztia eta Ataungo akazia eta milalore eztiak ere bazituen, honako hauek kilo erdiko ontzietan (7 euro), eta eskaintza osatzeko, Nafarroako milalorea ere bai, hori ere kilo erdiko ontzietan eta 5 euroan bakoitza.
Propolia, berriz, 30 ml.ko otzitetan zuen salgai, 10 euroan.
Onddo ugari berriz ere
Atal mikologikoari dagokionez, onddoa da nagusi oraindik. Atzo 210 kilo jarri zituzten salgai guztira, kiloa 12 eta 35 euro artean. 45 kilo ziza hori (kiloa 15 eta 20 euro artean), eta 29 kilo gibelurdin ere bazeuden (18-30 euro).
Zitrikoen garaia
Fruta saltzaileen postuetan ere aldatzen doa eskaintza, frutena bereziki. Azkenetan dira dagoeneko hezurdun frutak, brinoia eta paraguaioa hain zuzen, baina melokotoiak oraindik aste batzuk iraungo du, batez ere Calandakoak.
Baina orain zitrikoak hasteko garaia da, eta dagoeneko iritsi dira Valentziako lehen mandarinak, klementinak eta granadak, eta laster baita laranja ere.
Bisitak, D’elikatuzen eskutik
Ordiziako feria oso estimatua da bertakoentzat, baina baita kanpokoentzat ere, eta ia astero izaten da talderen baten edo gehiagoren bisita. Gaur ere izan dira bisitariak, eta D’elikatuz zentroko teknikarien gidaritzapean, Basque Culinary Centerreko ikasle talde batek eta Alemaniako kazetari batek Plaza Nagusiko postuak eta herri erdiguneko kaleak ezagutzeko aukera izan dute, Alemaniako turismo gida batentzako edukiak lantzen ari da kazetaria.