«Oraingo kantak pertsonalagoak dira, nortasuna hartu dute»
2016an ‘Gu Geu’ eta 2020an ‘Hitz Gatibuak’ argitaratu ondoren, bederatzi abestiz osatutako hirugarren diskoa grabatuko du urrian Starblues taldeak. Abenduan aurkeztuko dute, Ordizian.
Zer daukazue esku artean orain?
Oraintxe gaude material berriarekin esku artean, beste disko bat grabatzeko asmoarekin. Abesti berriekin gabiltza lanean.
Azken txanpan gaude, hilabete bat gelditzen zaigu eta.
Hilabete bat diskoa grabatu aurretik? Epemuga duzue?
Bai. Txanda urriaren 28rako daukagu estudioan, eta hortik aurrera pare bat aste izango ditugu grabaketa lanak egiteko. Aurrekoetan bezala, Beasaingo Pottoko estudiora joango gara, Fredi Pelaezen estudiora.
Nahikoa dira bi aste disko oso bat grabatzeko?
Zuzeneko grabaketa egiten dugu, entsegu bat balitz bezala, denak batera. Lehenengo sesioan bateria eta baxua grabatzen ditugu, oinarria, eta hortik tiraka, banakakoak. Aurreko diskoekin horrela egin genuen, asteburu batean oinarriak grabatu eta hurrengo egunetan teklatu, gitarra eta ahotsak. Hori izaten da sistema.
Gu geu argitaratu zenuten 2016an, eta Hitz Gatibuak 2020an. Zer konta dezakezu lan berriari buruz?
Izenbururik ez daukagu oraingoz. Badaukagu ideiaren bat. Bederatzi abestiz osatutako diskoa izango da. Pixka bat eboluzionatu dugula uste dut. 2010ean hasi ginenetik hamahiru urte pasa dira. Lehenengo diskoa blues tipiko-topiko diskoa izan zen, bigarrena ere bluesa, baina gure nortasuna txertatuz, eta oraingoa ere bluesa izango da, baina abestiak pertsonalagoak dira. Nortasuna hartu dute. Bigarren diskoan latin eta soul pintzeladak egon ziren, eta oraingoan ere hortik pixka bat egongo da. Azkenean, lau gara taldean, eta bakoitzak eskaintzen dituen ideiak ezberdinak dira. Hori da garrantzitsua azkenean talde batean, ideiak bateratzea.
«Lortzen ditugun kontzertuen arabera, 2024an hasiko gara emanaldiekin»
Nola izaten da sortze lana?
Normalean nik eta Yon Labayen teklatuak aportatzen dugu hasierakoa, instrumentu harmonikoagoak direlako gitarra eta teklatuak, ideia nagusi bezala, baina beti-beti, talde bezala ematen diogu forma.
Zer asmo duzue disko berriarekin?
Besteekin bezala, munduari aurkeztu eta ahal den leku gehienetan jo. Zuzenekoa garrantzitsua da, baina irratietara ere bidaliko dugu, hedabideetara… ahal duten gehien pintxatzeko. Asmoa zabaltzea da.
Aurkezpen kontzertua noiz egingo duzue?
Nahiz eta data zehatzik ez daukagun, abenduan izango da, Ordizian, D’elikatuzen. Oso lokal xarmagarria da, akustika aldetik eta itxura aldetik ere. Aurkezpen kontzertua egin nahi dugu, hitzak azalduz, diskoaren nondik-norakoak… horretan gabiltza. Ondoren, lortzen ditugun kontzertuen arabera, 2024an hasiko gara emanaldiekin.