Santi Usabiaga, Euskal Herriko mendi guztiak igo dituen urretxuarra
Goierrin mendizaletasunak indar handia du, baina mendizale gutxik dute Santi Usabiaga urretxuarraren curriculuma: Euskal Herriko mendi guztiak igo ditu. Horretaz gain, Andeetan, Alpeetan eta Pirinioetan ere egon da.
Usabiaga mendizale sutsua da. Urte asko daramatza mendian ibiltzen, baina lehenago saskibaloi jokalaria izan zen. “Goierri taldean hasi nintzen eta Valladolideko (Espainia) Forum taldean jokatzera iritsi nintzen. Itzuli nintzenean Goierrin jokatu nuen berriro, baina lesio bat izan nuen. Jokatzen jarraitu nahi banuen operatu beharra nuela esan zidaten eta jokatzeari uztea erabaki nuen”.
Ordutik, mendia izan da bere pasioa. “Atariko bizilagunekin hasi nintzen (Zumarragako Elizkalen bizi da). Garai hartan bikote gazteak ginen. Juanjo Arriaranekin, Jose Ignazio Lizarraga Naparrarekin… hasi nintzen eta beste jende askorekin ibili naiz. Juanito Urzelai zenarekin eta Jose Mari Berasategi Unanuerekin asko ibili naiz. Eta nire emaztearekin, noski”.
Azken hamarkadetan astebururo mendira joan da. Batzuetan, bi aldiz: larunbatean eta igandean. “Astean zehar bi irteera prestatzen nituen: bata eguraldi txarrarekin egiteko aproposa eta bestea eguraldi onarekin egiteko. Izan ere, garai hartan ez zegoen ze eguraldi egingo zuen jakiterik. Eguraldi txarra egiten zuenean antena zuen mendi batera joaten nintzen. Izan ere, antena duten mendiek pista dute”.
Euskal Herriko mendien erronka 1989an hasi zuen eta 2006ko uztailaren 23an amaitu: 50 urte bete zituen egunean. “Okabe mendia izan zen igo nuen azkena. Euskal Herriko mendi enblematiko bat”.
Baina, nolatan ekin zion erronka horri? “1989an, Oñatin antolatu zuten Kilometroak festan, herriko plazako liburudendan Euskal Mendizale Federakundearen Euskal Herriko mendien katalogoa liburua ikusi nuen. Bertan, Euskal Herriko 968 mendi datoz. Banan-banan igotzen hasi nintzen eta… Ordura arte inguruko mendietara joan nintzen, baina helburu zehatzik gabe. Liburua erosi ondoren, egiten nuen guztia apuntatzen hasi nintzen. Zerrendetatik mendiak ezabatzen dituztenen taldera pasa nintzen. Mendi bakoitza noiz eta norekin igo dudan apuntatuta dut. Egun bakoitzean mendi bat igotzen nuen. Ez nuen irteera bat mendi asko igotzeko baliatzen. Nire helburua Euskal Herria ondo ezagutzea zen. Hori dela eta, Aizkorri alde batetik igo nuen, Aitxuri beste batetik… Izazpi eta Samiño, berdin; Pagasarri eta Ganekogorta…”.
Liburuko mendiak igotzen hasi zen garaian ez zegoen GPSrik. “Liburuak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko mapak ditu. Mapetan mendien kokalekua ageri da. Mendi bakoitzetik gertuen zegoen herria aukeratzen nuen eta bertatik igotzen nintzen”.
Mendi zailena Peña Karria izan zela dio. “Espejo ondoan dago. Juanjo Arriaranekin eta Xabier Barriolarekin joan nintzen. Sokak eraman behar izan genituen. Juanjok sokekin esperientzia handia du”.
Zuberoako Lexantzumendira igotzea ez da horren zaila, baina bertara heltzea ez da batere erraza. “Urretxu-Zumarragatik urrutien dagoen mendia da: 211 kilometrora dago. 422 kilometro egin behar izan nituen autoan, 40 minututan igotzen den mendi batera joateko. Goizeko zazpietan irten nintzen, 211 kilometro egin nituen, mendia igo nuen eta hau mendi kaxkarra pentsatu nuen”.
Zailtasunak zailtasun, mendi gehienak lehenengo saiakeran igo ditu. “Gesaltza Añana ondoko mendi batean (Helikopteroa deitzen diotena) ehiztari batzuk ez igotzeko aholkatu zidaten. Uxaldia egiten ari zirela, goialdean herriko zaharrenak zeudela eta horiek mugitzen zen guztiari tiro egiten ziotela aipatu zidaten. Hala, etxera itzultzea erabaki nuen. Hurrengo astean itzuli nintzen”.
Beste behin, ertzainak izan ziren gailurrera heltzea eragotzi ziotenak. “Saibi mendiko gailurrera bidean bi lagun gerturatu zitzaizkidan eta ezin nintzela pasa esan zidaten. Plaka erakutsi zidaten: ertzainak ziren. Bahitutako pertsona baten bila zebiltzala esan zidaten. Biharamunean itzuli nintzen. Egunkarietan ez nuen bahiketari buruzko ezer aurkitu. Ondoren, hango etxetxo batean politikariek bilerak egiten zituztela jakin nuen”, oroitu du.
Zangotzako Peña mendia igotzeko ere zailtasunak izan zituen. “Oker ez banaiz, mendia galiziar batena da. Hesitua du. Ezin da pasa. Nafarroako Foru Aldundira deitu nuen eta bidetik joaten banintzen ezin zidala inork ezer esan aipatu zidaten. Arazoren bat banuen, Zangotzako Guardia Zibilari deitzeko. Urzelairekin, Berasategirekin eta emaztearekin joan nintzen. Ate bat zegoen, baina aurrera egitea erabaki genuen. Jaisten ari ginela, 4×4 ibilgailu bat ziztu bizian gerturatu zen gugana. Europa ekialdeko gizon bat autotik jaitsi zen eta oldartu egin zitzaigun. Ea nola pasa ginen galdetu zigun. Afera argitzeko, Zangotzako guardia zibilei deitzea proposatu nion. Hor bukatu zen eztabaida. Gure atzetik herriko ikastetxeko ikasleak zetozela esan nion, txantxetan. Sinistu egin zuen eta gozoa jarri zen…”.
Zaila egiten zaio mendi ederrena zein den esatea. “Denek dute bere xarma. Ganbo oso polita da. Sekulako bistak ditu eta oso belartsua da. Haizetsua da, baina oso ederra”.
Euskal Herriko mendiak igo zituenean, Pirinioetako hiru milakoak igotzeari ekin zion. “Liburuan 113 hiru milako zetozen. Ia 100 igo nituen. Kataluniako batzuk bakarrik falta zitzaizkidan. Baina beste argitalpen batzuetan hiru milako 200 mendi baino gehiago jaso zituztela ikusi nuen eta amore eman nuen”.
Pirinioetako zeharkaldia ere egin zuen. “Mendian egin dudan gauzarik politena izan da. Pirinioak asko gustatzen zaizkit: belarra, ura, haran zoragarriak… daude”.
Andeetan, Alpeetan, Sierra Nevadan eta Europako Mendietan ere egon da. Esperientzia horrek guztiak Mendikat egitasmoko kide izatera eraman zuen. “Mendi bateko argazkiak falta zirenean, autoa hartu eta bertara joaten nintzen argazkiak ateratzera. Ondoren, ibilbidea, mapa… txertatzen nituen. Mendikaten eskutik, bestela igoko ez nituen mendi asko igo ditut. Aurten bost mendi bakarrik sartu ditut, baina garai batean 30-40 sartzen nituen urtero”.
Egunero joaten da mendira. “10 bat kilometro egiten ditut egunero. Gehienetan, Beloki ingurura joaten naiz. Bestalde, Donostiako talde batentzat gidari lanak egiten ditut. Nik prestatzen ditut irteerak. Horretaz gain, Izukitzako Martxiel Plazaolarekin oso ezagunak ez diren tokietara joan naiz. Izkiko mendizerran, adibidez, asko ibili gara Mendikaten informazioa sartzeko”.
Sarean bere 10.000 argazki baino gehiago daudela uste du. “Garai batean reflex handi bat erabiltzen nuen. Jose Ramon Agirre Marronekin joan nintzen batean, berak makina txiki bat zeramala ikusi nuen. Oso ona zela esan zidan eta berea bezalakoa erosi nuen. Ordutik, beti txikia eramaten dut. Gainera, GPSa du. Horri esker, argazkiak atera diren tokira eramaten ditu”, azaldu du.
Bere argazkietan klima aldaketa jaso du. “Abuztuan Anetoko ipar isurialdean egon naiz eta glaziarra desagertu egin da ia. Pena da”.