Festak noiz lehertuko zain
Bihar hasiko dira San Migel festak Altzagan eta Gaintzan. Lehenengo aldiz patin igoera egingo dute Gaintzan. Altzagan, askotariko lehiaketak egingo dituzte lehenengo egunean
San Migelak Goierriko herri ezberdinetan gogoz ospatzen diren festak dira, Altzagan eta Gaintzan, kasu. Bihar hasiko dira herriotan festak, eta egitarau oparoa antolatu dute biek.
Meza nagusiak irekiko du ostiralean Altzagako egitaraua, eta herri bazkaria du atzetik; bertsolariak eta trikitilariak izango dituzte. Eneko Ariztegi eta Iban Urdangarin ariko dira kantuan; Iñaki Larrañaga eta Imanol Intsausti, aldiz, trikitian.
Toka txapelketa izango dute gero, eta baita pintxo hotzen lehiaketa ere. Ez dira ostiraleko lehiaketa bakarrak izango horiek, tortilla patata lehiaketa eta frontenis txapelketa ere izango baitituzte altzagarrek.
Larunbata salto artean igarotzeko aukera izango dute herriko gaztetxoek, goizeko hamaiketatik iluntzera arte puzgarriak izango baitituzte. Herri afaria izango dute gero, baina tartean txokolate jana ere badute. Gauari hasiera Laket taldeak emango dio, eta DJ N-Lezzek itxiko du larunbata.
Hiru eguneko egitaraua antolatu dute Altzagan; igandea izango da, beraz, azkena. Arratsaldeko seietan hasita herri kirolak izango dituzte: harri-jasotzaileak eta aizkolariak, hain zuzen ere. Harriarekin Udane Ostolaza eta Jokin Eizmendi ibiliko dira; aizkoran, aldiz, Eneko Otaño eta Iñaki Azurmendi. Sagardo dastaketarekin emango diete aurtengo jaiei amaiera.
Altzagara joan etorrian ibiltzeko autobus zerbitzu berezia jarri dute: 22:45ean abiatuko da legorretatik, eta Itsasondo, Ordizia eta Arama igaro ostean amaituko du ibilbidea Altzagan. Itzultzeko ere jarri dute berau: 04:25ean abiatuko da altzagatik, baina beasainen amaituko du ibilbidea oraingoan.
Gaintzan ere hiru egun
Gaintzako San Migelak ere hiru egunetan ospatuko dituzte. San Migel eguna izango da egitaraua zabalduko duena, eta meza eta txupinazoa izango dituzte eguerdiko hamabietan.
Kale Txiki jatetxean jarraituko du jaiak, herri bazkaria bertan egingo baitute aurten. Arratsaldean, bestalde, trikitilariak arituko dira iluntzera aldera arte instrumentuak astintzen.
Toka izango dute segidan, eta Zapotxin jaitsiera eta poteo mozorrotuarekin jarraituko du festak. Afaltzeko parrila izango dute, eta herritarren playback-ak eta bingoak lagunduz girotuko dute otordua. Malkogarriyak taldearekin amaituko da eguna.
Herritarren arteko jolasekin zabalduko dute hilaren azken eguna. Bostetan puzgarrietan eta zezen mekanikoan ibiltzeko aukera izango dute gaztetxoek, eta Dukkha taldearen kontzertua ere izango dute ikusgai. Frontoian izango dute aurtengo herri afaria, eta hamarrak aldera ¡Si señor! mariatxien txanda izango da. Ondoren, Dj Ivanek jarriko du herria dantzan.
Patin igoera, lehenengoz
Igandea lehenengo aldiz egingo duten patin igoerarekin hasiko dute. GI-3371 errepidetik Gaintzara egingo da igoera, Ordizia – Zaldibia errepidetik etorrita. Igoerak 4,25km eta 285mko desnibela dauka, %6,7ko bataz besteko mediarekin. Errepidea «asfalto finekoa» da, eta 5 metroko zabalera dauka. Izen ematea Gaintzan izango da 10:30ean, eta jaitsiera autobusez edo kotxeetan antolatuko dute, 11:00ean, Gaintzan. Irteera 11:30ean izango da Gaintzarako gurutzean, eta igoera betetzeko gehienezko denbora 45 minutukoa izango da.
Gero, ohikoa den 38. Txirrindulari igoera izango dute, eta arratsaldean mitologia jolasak, mondeju dastaketa eta arku tiro erakusketa izango dituzte.