Kimetzek 30 urte bete ditu
Barrenan egin du 30. urteurreneko ospakizunetako ekitaldia Kimetz Emakumeen Elkarteak. "Lan egin dugu eta lan egiten jarraitzen dugu". Chari Campano elkarteko kidea omendu dute.
Kimetz Emakumeen Elkarteak 30 urte bete ditu aurten. Horren harira, 30. urteurreneko ospakizunetako ekitaldia egin dute gaur Barrena Kultur Etxean. Amets Bide dantza taldekoek agurra dantzatu diete elkarteko juntatik pasa direnei. Kimetzen historiaren errepasoa egin ondoren, emanaldia izan da Emotio Taldearen eskutik.
1993an sortu zuen elkartea emakume talde batek, Belen Balerdi kidearen hitzetan, “emakumeak elkarteak antolatuko zituen programetara gerturatzeko” helburuarekin. “Begirada ezberdinak lortzeko lan egiteko, ikusezina dena ikusarazteko, emakumeok historiaren ahanzturan geratu garelako”. Urteurrena baliatu dute begirada atzera botatzeko. “Begiradaren edo begiraden inguruan hausnartzerakoan, horietako bakoitza mundu bat dela ohartzen zara, bizitako esperientziak, ikasitakoa eta ikusitakoa, erakutsi digutena edo ez digutena. Horrekin guztiarekin eraikitzen dugu gure mundua ikusteko begirada berria”.
Aurretik lan egin duten emakumeak ekarri dituzte gogora. Lanean jarraituko dute, “gaur egungo diskriminazio egoerek emakume aurpegia” baitute. “Lan egin dugu eta lan egiten jarraitzen dugu, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko, emakumeek gizarteari egiten dioten ekarpenaren alde, ikusaraztearen alde, indarkeria matxista desagerrarazteko”.
Hainbat proiektu, jarduera eta ekimen antolatzen ditu Kimetzek urtean zehar: hitzaldiak, antzezlanak, ikus-entzunezkoen proiekzioak… Ordiziako Koordinadora Feministaren parte ere bada elkartea.
Omenaldia
Egun gutxi barru 87 urte beteko dituen Chari Campano Kimetzeko kidea omendu dute ekitaldian, urtez urte egindako eta oraindik egiten duen lana eskertzeko. “Berak eginiko lanagatik eta arduragatik, landu ditugun gaietan egindako ekarpenagatik, eta beregatik, poz handia, bizitzeko gogoa eta parte hartzen jarraitzeko gogoa ematen diguzulako”.