Legazpiko Asteburu Mikologikoa urriaren 6an, 7an eta 8an izango da
Lekanazpi elkarteak antolatu du, eta aurten elkartasun kutsua izango du. Katxalin eta Aspanogi elkarteen alde dirua biltzeko, 'Txanpi solidarioa' ekimena egingo dute. Garagardoa eta musika ere izango dira.
Lekanazpi elkarteak eta udalak antolatuta, urriaren 6an, 7an eta 8an egingo da Legazpiko Asteburu Mikologikoaren 27. edizioa. Azken urteetan zama handiena Beti Gazte elkarteak eraman eta gero, asteburuaren sorrerara itzuli da antolakuntza, Lekanazpira.
Edizio berezia izango da aurtengoa, berritasun ugari izango direlako. Hala, perretxikoekin batera, izango dira protagonista gehiago, eta asteburu mikologikoak elkartasun helburua izango du, garagardoa dastatzeko aukera izango da, eta musika zuzenean ere bai. Azokan izango dira ekitaldi nagusiak.
Txanpi solidarioa
Perretxikoak izango dira asteburuko ardatza, eta ohiko ekitaldiak ez dira faltako. Hala, perretxiko bilketa eta sailkapena egingo dira Aranzadi elkartekoen laguntzarekin, ibilbide mikologiko gidatua egingo dute Gorostiaga mendian zehar, eta Azokan erakusketa egiteaz gain, hainbat espezie dastatzeko aukera ere izango da.
Dastatu ahal izango diren perretxikoen artean txanpinoiak edo barrengorriak ere izango dira, baina horiek elkartasun zaporea izango dute. Salgai jarriko dituzte Txanpi solidarioa deitu duten ekimenaren bitartez, eta aterako duten dirua Katxalin eta Aspanogi elkarteentzat izango da.
Horrez gain, plantxan edo arrautzekin prestatutako ohiko perretxiko dastaketaz gain, hiru pintxo berezi ere izango dira salgai, goi mailako sukaldari batek prestatutakoak.
Garagardoa ere izango da
Garagardoa da aurtengo Asteburu mikologikoaren beste berritasun bat. Perretxiko Beer Festa izenpean, larunbatean zehar, Euskal Herriko sei artisau garagardo dastatzeko aukera izango da, baina guztira 20 garagardo desberdin egongo dira salgai, era askotakoak: IPA klasiko eta modernoak, amber ale (txigortuak), lager, imperial sout, eta glutenik gabekoak.
Gainera, garagardo perretxiko infusionatuak prestatuko dituzte, 30 litro garagardo perretxikoekin infusionatuko dituzte zehazki. Bi perretxiko mota garagardo irakinetan pausatuko dituzte, printzipio aktiboak, zaporea eta usaina aska ditzaten. Garagardoaren lupulua eta perretxikoak elkartuko dituzte gero, garagardo mota berri bat sortuz. Garagardo hori oso aberatsa eta berezia izango dela agindu dute antolatzaileek.
Upelgilearen begia, oroimenerako tartea aurten
Ohiko erronka ere jarriko dute martxan, Upelgilearen begia izenarekin, baina aurten oroimenerako tartea bihurtuko da perretxikoz betetako saskiaren pisua asmatzeko ariketa hori. Azken urteetan Asteburu mikologikoa antolatzen jardun zuen Beti Gazte elkarteko kide ziren Andoni Zabaleta eta Igor Iñurritegi gogoratzeko tarte bat hartuko dute lehiaketa horretan.
Irabazleak perretxikoz betetako saskia, makila eta labana jasoko ditu.
EGITARAUA
Urriak 6, ostirala
– 17:00-19:00 Perretxikoak Lekanazpi elkartean jasoko dira. Aranzadiren gomendio jasangarriei jarraituz, perretxiko bakoitzaren ale bat edo bi nahiko dira, garrantzitsua delako perretxikoak basoan geratzea. Lekanazpiko antolatzaileekin harremanetan jartzeko, deitu 611 040 487 telefono zenbakira.Urriak 7, larunbata
– 09:30-12:00 Ibilbide mikologiko gidatua Gorostiaga mendian. Irteera, San Martingo arkupetik. Ez da izena eman behar, eta adin guztietako jendearentzat da. Amaieran salda eta txorizoa izango da partaideentzat Azokan. Bildutako perretxikoak erakusketarako izango dira.– 11:00-14:00 Perretxiko jasotzea azoka gunean, ibilbideko partaideenak eta nahi duten herritarrenak (espezie bakoitzetik ale bat edo bi) .
– 12:00-15:00 eta 17:30-23:00 Perretxiko Beer Festa.
– 12:30-13:00 Garagardo-perretxiko Infusionatzea azokan_
– 13:00-15:00 eta 18:00-20:00 Txanpi solidarioa.
– 13:00-14:00. Musika eskolako dultzaina taldea eta Ai ze taldea!.
– 15:00-18:30 Perretxiko sailkapena Aranzadi Zientzia Elkartearekin. Zalantzak argitzeko eta galdera mikologikoak egiteko tarte librea izango da.
– 18:00-20:00 Trapalata txaranga_🎼. Perretxiko Beer Festa eta inguru guztiak musikaz blai.
– 18:30-23:00 Perretxiko erakusketa eta mahai didaktikoa.
– 19:30-22:00 Perretxiko pintxoen salmenta.
– 19:30-21:00 Upelgilearen begiaren apustu jokoa.
– 21:00 Saskia pisatzea eta sari banaketa. Irabazleak perretxikoz betetako saskia, makila eta labana jasoko du (“saskia bete bihotz”).
– 23:00 Itxiera.
Urriak 8, igandea
-10:00-14:00 Perretxiko erakusketa.– 12:00-13:30 Umeentzako marrazketa gunea.
– 12:00-14:00 Upelgilearen begiaren apustu jokoa.
– 13:00-14:30 Perretxiko pintxoen dastaketa borondatearen truke.
– 14:00 Saskia pisatzea eta sari banaketa.
– 14:30 Itxiera.