Mendi bizikleta martxa ibilbide berrian
Legorretan Xendapedalak mendi bizikleta martxaren IV. edizioa izango da bihar, 09:00etan hasita. Partaideek bi ibilbide berri izango dituzte aukeran. Bihar bertan ere eman daiteke izena.
Hirugarren Xendapedalak mendi bizikleta martxako irudia, iaz. // Argazkia: Laida Goiburu Pikuk Kirol Klubak Xendapedalak mendi bizikleta martxaren laugarren aldia antolatu du biharko. Berrikuntza nagusia izango da ibilbideetan aldaketak egin dituztela. Lehia alboratuta, mendi bizikletan goiz pasa ederra izatea da Xendapedalak-en helburua.
Aldaketak izan badira ere, aurreko urteetako zati batzuetatik pasako dira txirrindulariak. Antolakuntzak azaldu duenez, «basoan zuhaitzak botatzen ari direlako eta aldi berean partaideei paraje ederrak eskaintzeko asmoz» egin dituzte aldaketak. Bi ibilbide izango dira aukeran. Bihar erabakiko du bakoitzak zein bide egin nahi duen.
Oraingoz 125 bat lagunek eman dute izena. Interneteko izen ematea atzo itxi zuten arren, bihar bertan ere eman ahal izango da izena martxa hasi aurretik, 08:00etatik 08:45era. Federatuek 30 euro ordainduko dute, eta federatuta ez daudenek 35 euro. Martxa bukatu ondoren, hamaiketakoa izango da. Sagardo kupela eta musika jarriko dute plaza inguruan.
«Mendiaz gozatzea»
Ibilbide motzak 20 kilometro ditu, 950 metroko desnibelarekin, «mendi bizikletan ohituta daudenek egiteko modukoa». Ibilbide luzeak, berriz, 28 kilometro ditu, 1.250 metroko desnibelarekin, eta «ibilbide motza baino exijenteagoa» da. Bi ibilbideek terreno eta pista mota ezberdinak uztartzen dituzte, pista zabalak eta estuak, basoak, zati teknikoak, aldapak zein deskantsuak. Bietan, «garrantzitsuena mendiaz gozatzea eta errespetatzea» izango da.













