Bilbao Petronor eko-rallyak Zumarragako plazan geldialdia egingo du gaur
Gaur eta bihar Bilbao Petronor eko-rallyaren laugarren edizioa egingo dute. Energia alternatiboak erabiltzen dituzten 54 autok parte hartuko dute. Gaur, 20:00etan, Zumarragako Euskadi plazara helduko dira. Soraluze kaletik sartuko dira. Bi orduko geldialdia egingo dute plazan.
Ekitaldia atzo aurkeztu zuten, azokan. Asier Madariaga antolaketa batzordeko buruak, Angel Gurrutxaga Euskadiko Automobilismo Federazioko lehendakariak eta Mikel Serrano alkateak parte hartu zuten. Amaieran, rallya irekiko duen 0 autoarekin argazkia atera zuten. Hidrogenoarekin dabil eta Serranok herrira heldu den hidrogenozko lehen autoa dela esan zuen.
Alkateak gaur herritarrek “geroa ikusgai” izango dutela aipatu zuen. “Trantsizio energetikoko teknologia berriak izango ditugu ikusgai. Marka ezberdinetako azken belaunaldiko autoak etorriko dira Zumarragara. Rallyan eraginkortasun energetikoa sarituko da. Auto horiek Nazioarteko Automobilismo Federazioaren txapelketa batean parte hartzen ari dira”.
Madariagak parte hartzaileek trafiko arau guztiak errespetatu behar dituztela eta, beraz, eko- rallyak autoen benetako eraginkortasuna neurtzeko balio duela esan zuen. 500 kilometro egingo dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errepideetan. Ostiraleko geldialdia Zumarragan izango da eta larunbatekoa Muskizen (Bizkaia).
54 parte hartzaileetatik, 35ek auto elektrikoa erabiliko dutela aipatu zuen. “Bilbao Petronor eko-rallya Espainiako Koparako eta Nazioarteko Automobilismo Federazioaren txapelketarako baliagarria da. Hala, hemen izango ditugun taldeetako batzuk atzerritik etorriko dira”.
Gurrutxagak auto elektrikoa “hemen” dagoela gehitu zuen. “Moldatu beharra dugu. Hori dela eta, eko rally hau herritarrek auto elektrikoak ezagutzeko baliagarria da. Euskadin aitzindariak gara eko rally kontuetan”.
Bukatzeko, Serranok herritarrak ekitaldian parte hartzera gonbidatu zituen.