Zainketaren inguruko erabakiak hartzen lagunduko duen gida aurkeztuko dute Legazpin astelehenean
'Zuk jakitea nahi dut...' du izenburua, eta Gipuzkoako Foru Aldundia murgilduta dagoen zainketa berri baterako trantsizioan du jatorria.
Zaintzak era partekatuan eta adostuan antolatzeko tresna aurkeztuko dute urriaren 2an Legazpin, Zuk jakitea nahi dut… izeneko gida praktikoa, hain zuzen. Zainketak errespetuz planifikatzen laguntzeko helburua du gida praktiko horrek, eta Gipuzkoako Gizartean Esku-hartzeko Etika Batzordeak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, osatu duen dokumentua da.
Aurkezpena Kultur Etxean izango da, 17:00etan, eta bertan, Olaia Arana Gizarte langileak eta Etika Batzordeko kideak parte hartuko du. Hainbat herritarrek etxean jaso dute Foru Aldundiaren gonbidapena, baina saio irekia da.
Gipuzkoako Foru Aldundia zainketa lanen paradigma berri bateranzko trantsizioan murgilduta dago. Arreta emateko modu berriak sortu nahi ditu, berrikuntzatik abiatuta, sare komunitarioak indartuz eta pertsonak ekintza guztien erdigunean jarriz.
Horretarako, Zuk jakitea nahi dut… dokumentuan jasotzen den gida osatu du, zainketak planifikatzen laguntzeko, pertsona bakoitzaren lehentasunak kontuan hartuta. Egunerokotasunean edo aldaketa uneetan erabakiak hartzea errazteko balio duen tresna da, eta pertsonei, haien familiei, lagunei edo haiei laguntzen dieten profesionalei zuzendutako jarraibide sinpleak jasotzen ditu. “Entzuteko eta pertsona bakoitzaren balioak, nahiak eta beharrak errespetatzeko aukerak sortzen ditu, eta horiek funtsezkoak dira zainketen pertsonalizazioan aurrera egiten jarraitzeko.”
Zuk jakitea nahi dut… dokumentu irekia da, eta pertsona bakoitzak modu desberdinean bete dezake, bere lehentasunen arabera. Horrela, “pertsonari bere bizitzaren eta jasotzen dituen laguntzen gaineko kontrola itzultzen zaio, eta pertsona Gipuzkoako gizarte zerbitzuen eredu berriaren ardatz nagusi bihurtzen da”.