Zezen suzkoak Lazkaon entzierroa pizteko prest
Bihar estreinatuko dituzte Lazkaon zezen suzko berriak. Erraldoi eta Buruhandi Konpartsak ekarri ditu, eta kaleko festa piztaile familia ugaldu dute. Konpartsa eguerdian irtengo da, eta zezenak gauean.
Bere garaian lehenengo buruhandiekin eta geroago bi erraldoiekin bezala, herriaren aurrean aurkezteko egun seinalatua izango du, biharkoa, Lazkaoko Erraldoi eta Buruhandi Konpartsak. Zezen suzkoak eginarazi eta ekarri ditu, eta lehenbiziko kalejira txinpartatsua bihar gauean egingo dute.
Bi zezen suzko batu dizkio konpartsak dagoeneko oparoa den familiari. Iruñeko Eskuartean tailerrak egin ditu –erraldoien eta buruhandien egile berberak–. Su hartzen ez duen beira-zuntz moldeatua erabili dute. Asteartean ekarri zituzten, eta udal biltegian dauzkate prest. Lazkaoko Udalak ordaindu ditu.
Bi zezenak berdin-berdinak dira. Arinak pisuz, eramailea azpian sartzeko barren hutsa, maneiatzeko heldulekuak, eta piroteknia lotzeko euskarriak ditu.
Konpartsaren kalejirak
Erraldoi eta Buruhandi Konpartsak familiako kide guztiak aterako ditu, bihar, kalera. Goizean, 11:00etan hasita, buruhandiekin eta erraldoiekin ibiliko dira kalejiran. Zezen suzkoen aurkezpena eta lehen entzierroa 22:00etan izango da, udaletxe eta estanko artetik abiatu, plazari frontoitik barrena buelta osoa eman, eta beste ertzean amaitu.
Izatez, iaz egin zuten lehenengo kale-proba, kanpotik ekarritako zezenekin eta eramaileekin. Herritarrei gustatu zitzaiela eta, herrirako egin dituzte orain.
Piroteknia osagaiak ere prest dituzte. Sei minutuko iraupena du bakoitzak. Ezarri eta ken daitezkeen kartutxo-multzoak dira, zurezko egitura batean kokatuta datozenak. Zezenaren bizkarraldetik aldamenetara jaurtitzen dute txinparta, eta punta batean gurpil birakari bat ere badute.
Zezen suzkoak egin bakarrik ez, horiek erabiltzeko ikastaro berezian prestatu behar izan dute eramaileek. Baimen edo titulu bat behar da, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak emana. Hala, Arkautiko (Araba) Polizia eta Larrialdietako Akademian ikastaroa egin dute konpartsako sei kidek. Horiek soilik izango dute kalean zezen suzkoak erabiltzeko baimena.
Lazkaon bihar estreinatu ondoren, urrian Vianara (Nafarroa) egingo du irteera konpartsak.
Zezen suzko zaharra
Bi zezen suzko berriak ekartzea ez da izan azken asteotako nobedade bakarra Lazkaon. Garai bateko egurrezko zezen suzkoa ere aurkitu dute. Erlo taberna azpiko soto batean zegoen gordeta, eta handik berreskuratu dute. Udal biltegian daukate orain, konpartsak daukan txokoan. Urte batzu-batzuk badauzka, eta berritu eta atzera kalera ateratzeko asmoa daukate.