Harrikalari nortasuna azaltzeko egun betea Ormaiztegin
Harrikalari txapelketa Haritz Maizek eta Amaia Eskisabelek irabazi dute, iaz bezala. Orain arte hasieratik erabili izan duten harri berezia hautsi egin da, eta txikiago batekin jarraitu behar izan dute. Herri jokoen eta otorduen eguna da gaurkoa ormaiztegiarrentzat.
San Migel ospatzeko egun paregabea ari dira bizi izaten ormaiztegiarrak, gaur. Goizean goizetik gauera, ekitaldiz betetako jardunaldia dute.
Mendi bizikleta martxaren 27. ekitaldia jokatu da, lehenbizi. 50 lagunek parte hartu dute zeharkaldian. Ormaiztegitik Liernira bide berdean joan, Bernaolaraino, Mutiloara jaitsi, Aizpeko labeetara iritsi, eta Larrasoain eta Aizpuru gainetatik Aizpurura eta atzera Bernaolara jaitsi dira. Bide berdeari segika, Espainola menditik Ormaiztegiko plazan amaitu dute 29 kilometroko ibilbidea. Gaztetxoentzat 12 km-ko motzagoa ere antolatu dute Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunak elkartekoek.
Txirrindulariek hamaiketako batekin martxa bukatzerako, Eskola Zaharretan hasi dira Guraso Elkarteak antolatutako ume jolasak. Sokatiran, igelean, zaku karreran… ibili dira neska-mutikoak. Zubi azpian, berriz, 31. Toka Txapelketa jokatu da, egundoko partaidetzarekin: 63 lagun. Munir Zianik irabazi du, eta Josu Berasategi izan da bigarren.
Harrikalari tiraldia
Toka bukatutakoan, Antoneneko zelaian jokatu da 27. Harrikalari Txapelketa Herrikoia. 50 lagunek bota dute: 25na neskak eta mutilek. Irabazleei dagokienez, iazko garaile berberak atera dira aurten ere: mutiletan Haritz Maiz eta nesketan Amaia Eskisabel.
Anekdota ere utzi du harrikalari tiraldiak –eta gaitzerdi eskapada hutsean geratu denik–. Mutiletan 12. partaideak –antzuolar bat zen– zelaitik kanpora bota du harria; jende artetik igaro da, eta harrizko zoruaren kontra jo duenean, txikitu egin da. Garaje sarbide batera erori dira harri hautsiaren zatiak.
Harri hori izan Ormaiztegiko harrikalari lehiaketaren orain arteko elementu garrantzitsuena. Xabin Ezkurdia herritarrak ekarri zuen, duela 30 bat urte, Oyambre hondartzatik (Kantabria, Espainia), La Rabia errekaren itsasoratze inguruan aurkituta. Neurriz oso handia ez zen arren, pisutsua zen: 2.080 gramo. Mila zatitan hautsi denez, historia da dagoeneko.
Neskek botatzeko erabiltzen duten beste harri txikiagoarekin jarraitu dute mutilek ere. 1.680 gramo da pisuan. Ordura arte botata zeuden bi onenek –bi sari zeudelako– errepikatu dute, harri horrekin.
Azkenean, mutiletan Haritz Maiz nagusitu da, 31,70 metro botata –eta harri horrekin marka ezarrita–. 2022an eta 2021ean ere berak irabazi zuen, eta lehenago ere garaipen batzuk baditu. Bigarren Oier Alustiza geratu da (30,10m).
Nesketan, Amaia Eskisabelek bosgarren aldiz irabazi du harrikalaritan. 15,73 metrora bota du harria. Bigarren saria Nagore Ariztimuñok lortu du (15,20m).
Arratsalde betea
San Migel ospakizunean ohiturak aldatzen ari diren seinale bat, herri bazkaria izan da. Belaunaldi gazteak, batez ere, geratu dira plazako karpan bazkaltzen: 61 lagun. Kuadrillek eta lagun taldeek norbere kasako bazkari ugari ere bazituzten, horrez gain.
Arratsaldean, 31. Mus Txapelketa jokatu dute, elizatarian. Txomin Bidegain gabiriarrak eta Ximon Idiakez ezkiotarrak osatutako bikoteak irabazi du. Bien bitartean, 15. Patata Tortilla Lehiaketa udaletxe aurreko arboladian jokatu dute, eta Nerea Magallanes eta Iris Muñoz suertatu dira irabazle. Herri afarirako 374 lagun daude izena emanda. Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldeak girotuko du gaua.
Argazkiak: Aimar Maiz Morea