Legazpiko Erreka Egunean 730 kilo hondakin bildu dituzte Urola ibaian eta herriko beste erreketan
Erreka garbiketan 94 boluntariok parte hartu dute, gehienak herriko ikastetxeetako ikasleak eta familiak. Bildutako zaborra plazan egongo da ikusgai aste betez, herritarrak sentsibilizatzeko helburuz
Legazpiko Erreka Egunaren 19. edizioan 730 kilo hondakin bildu zituzten parte hartu zuten 94 boluntarioek, larunbat goizean. Urola ibaian eta herriko beste erreka batzuetan jasotako zabor guztia ikusgai egongo da plazan aste betez, herritarrak sentsibilizatzeko helburuz.
Iazko kopuruaren bikoitza izan da aurtengoa. Gehienak plastikoak dira, baina badira egurrak, kableak, beira, eraikuntza materiala eta abar ere.
Udalak eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten guztiei eta Haztegi ikastolari eta Domingo Agirre eskolari. Katagorri elkartearen partaidetza ere aipatu du, “urtero hamaiketako goxoa prestatzen laguntzen dutelako”. Elustondo anai-arrebek girotu zuten hamaiketako hori.
Erreka Eguna, 2004tik
Erreka Eguna Eskolako Agenda 2030eko ikasleen proposamena izan zen, ibaiaren ekosistema zaintzearen garrantziaz sentsibilizatzeko. Proposamen hari jarraiki, urtero egiten da 2004tik, udalak antolatuta eta herriko ikastetxeen laguntzarekin, 2020an izan ezik, orduan bertan behera utzi zelako COVID-19aren eraginez.
2021az geroztik, udalak modu profesionalean ere garbitzen du ibaia urtean bitan.