Legazpiko udalbatzak %7,7ko igoera onartu du datorren urteko zaborren tasarako
Iraileko azken asteazkenean egindako osoko bilkuran onartu dute igoera, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin, Legazpiko Berdeen abstentzioarekin eta EH Bilduren kontrako botoekin. Gainerako zergak eta tasak KPIaren parean igoko dira orokorrean, %2,6.
Legazpiko Udalbatzak 2024rako Ordenantza Fiskalak onartu zituen joan den asteazkenean egindako osoko bilkuran, ia zerga eta tasa guztietan. Dokumentuak EAJren eta PSE-EEren aldeko zazpi boto jaso zituen, EH Bilduren kontrako bost, eta Legazpiko Berdeen abstentzioa.
Orokorrean KPI-aren igoera aplikatu dizkiete hurrengo urteko zergei eta tasei, hau da, %2,6ko igoera, baina salbuespen nabarmenak ere egin dituzte. Hala, zaborren bilketako tasan %7,7ko igoera izango da, eta Jarduera Ekonomikoen gaineko zergan %5ekoa. Plazako aparkalekuko tasetan, berriz, %100eko igoera proposatu dute. Salbuespen batzuk ere aurrikusi dituzte ibilgailuen gaineko zergan.
Zaborra, %7,7 garestiago
Zaborren tasa %7,7a igotzea onartu zuen udalbatzak. Gobernu Taldeko borezamaileek azaldu dutenez, «gaur egun gastuen %82a estaltzen dugu, eta 2024ra begira Sasietatik adierazi digute kostuen igoera %7-8koa izango dela. Sarrera-gastu aldea murrizten joatea da gure helburua». Herritarrentzat «igoera handia» dela ulertzen dutela ere esan dute, eta horren aurrean, eta «ordainketak erraztu asmoz», gaur egun egiten diren bi ordainketetatik hirura pasatuko dira, hau da, urtean hiru errezibo izango dira. Zaborraren tasan %12ko igoera aplikatuko zaie 20 langiletik gorako tailer eta lantegiei, eta 120 metro koadrotik gorako supermerkatuei.
Jarduera ekonomikoen gaineko zergari dagokionez, horren kobraketan Gipuzkoako beste herriekin alderatuta Legazpi «maila baxuenean» dagoela gogoratu dute, eta zehaztu dutenez, «2026rako, gainontzeko herrien mailan» egotea da helburua. Horregatik igo dute %5.
Plazako aparkalekuko tasan, bestalde, %100eko igoera proposatu dute. Hala, datorren urtean 0,20 zentimo kobratuko dute orduko. Herrian erroldatutakoen kotxeengatik ez da ordaindu beharko lehen hamar ordu jarraietan.
Txakurren arreta zerbitzuak, berriz, %20ko igoera izango du, eta haurren uda ikastaroak %6koa.
Hobariak ibilgailuetan
Beste aldean, hobariak ere aplikatuko dituzte Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zergan, besteak beste. Hobari horiek Trafikoko Zuzendaritza Orokorrak ibilgailuekin egiten duen sailkapenaren araberakoak izango dira: %95eko hobaria izango dute %100 elektrikoak diren ibilgailuek; %75ekoa 0 emisiodun etiketa dutenek; eta %50ekoa etiketa Eko dutenek.
Gainerako ibilgailuen gain %2,6ko igoera aplikatuko dute zergan. Eta portzentai berbera aplikatuko dute beste zerga eta tasetan: Ondasun higiezinetan, hilerrian, azokan, dokumentu ofizialen igorketan, hirigintza edo obra lizentzietan, Latxartegi aretoaren alokairuan, etxez etxeko zerbitzuan eta Meaztin, terrazetan eta zoru publikoaren okupazioan, ibietan, bide publikoen erabileran eta kiroldegian.
Udaleko Gobernu Taldeak adierazi du «ulertzen» duela herritarrentzat edozein igoera «gogorra» dela, baina «familien sarreran kontuan hartuko dituen hobari sistema bat» lantzen ari direla ere aurreratu du. Udal berria duela gutxi eratu denez, proposamen hori aurkezteko ez diela denborarik eman zehaztu dute.