Legazpiko 2024ko Ordenantza fiskalei eman dien ezezko botoa azaldu du EH Bilduk
Udalaren fiskalitatea eguneratzearen premia eta udal gobernu taldeak zergen alorraren lanketan dituen gabeziak nabarmendu ditu.
Legazpiko EH Bilduk iraileko osoko bilkuran 2024ko Ordenantza Fiskalei kontrako bozka ematearen arrazoiak azaldu ditu ohar baten bidez. Udalaren fiskalitatea eguneratzearen premia eta udal gobernu taldeak zergen alorraren lanketan dituen gabeziak nabarmendu ditu.
Udal ordenantza fiskalen bidez, alderdiaren helburua “herritarrei ahalik eta zerbitzu publikorik hoberena eskaintzea” dela azaldu du. “Fiskalitatea berdintasuna eta justizia soziala lortzeko bidean tresna eraginkorra izan daiteke, aberastasunaren birbanaketan eragiteko tresna”. Baina EH Bilduren iritziz, “ezinbestekoa” da Legazpiko udalaren fiskalitatea eguneratzea, azken hiru urtetan izoztuta egon delako, eta “aurreko urteetako lanketa faltak igoera bortitzak eragingo ditu 2024an”. Azken urteetan fiskalitatea “izoztuta” egon izanak udalaren inbertsio gaitasuna asko murriztea ekarri duela salatu du, eta zabor bilketaren tasaren bidez gastuaren %82a bakarrik estaltzeak, adibidez, orain defizita eragin duela aipatu du.
Gobernu taldearen gabeziak
2024rako gobernu taldeak egin duen lanketak “bi gabezia” dituela ere nabarmendu ditu EH Bilduk. Batetik, “txanponaren aurpegi bakarra erakusten du”, hau da, zergek eta tasek izango duen igoera erakusten du, baina dirua zertarako izango den ez. “Ordenantza fiskalak zuzenean aurrekontuari lotuta daude, eta guk hori ezagutu beharra daukagu diru sarreren atala onartu ahal izateko”. Gainera, egoeraren azterketa sakonik ez dela egin dio, “udalerriko aberastasuna birbanatu eta desberdintasun sozialak murriztuko dituzten ordenantza fiskal progresibo eta sozialak diseinatzeko”.
Bestetik, kolektibo zaurgarrienei laguntzeko hobari sistemarik ez dela proposatu ere azpimarratu du. “Legazpi ez dago gertatzen ari diren eraldaketa globaletatik kanpo, eta azken urteetako krisiek ez gaituzte denak era berean kolpatu. Egon badaude, egoera larri honetatik etekinak lortzen dituztenak; badaude ere prezioen igoera jasan arren, haien diru sarrerek baimentzen dituztenak egoerari aurre egiten; eta badaude diru sarrera gutxi edo nahikorik ez dutenak, eta hilabete amaierara iristeko zailtasunak dituztenak”. EH Bilduren “kezka” dira azken multzoan kokatzen direnak, eta “horregatik, egoera zaurgarrienean dauden pertsona eta bizikidetza unitate horiek jasaten duten egoera larriari nola egin aurre da lehentasuna”.