Legazpiko Berdeek 2024ko Ordenantza Fiskalei emandako abstentzioa arrazoitu dute
Zerga igoera "beharrezkoa" ikusten badute ere, "gehiago egin daitekeela", ordenantzak "progresiboak" izan beharko luketela eta zabor bilketaren tasan konposta egiteagatik hobaria ezarri beharko litzatekeela uste dute.
Legazpiko udalbatzak 2024rako Ordenantza Fiskalak onartu berritan, Legazpiko Berdeak + Independenteak taldeko kideek horien bozketan emandako abstentzioa azaldu dute.
Ordenantza fiskal berriek KPI-aren pareko %2,6ko igoera proposatu dute tasa eta zerga gehienetarako, hainbat salbuespenekin, horien artean zabor bilketa, horretan %7,7ko igoera izango delako. Legazpiko Berdeek “beharrezkoa” ikusten dute zergak igotzea, “zerbitzu guztiak garestitu direlako, batez ere langileen eta energiaren kostuak”, baina iraileko osoko bilkuran gaia aztertu eta bozkatu zenean, Alberto Bezunartea zinegotzia abstenitu egin zen.
Zabor bilketaren tasa
Zabor bilketaren tasa izan da, hain zuzen, abstentzioaren arrazoietako bat, bereziki alderdiak egindako hiru ekarpenetatik udal gobernu taldeak onartu ez zuena. Berdeek proposatuta, tasa hori kobratzeko sailkapen berri bat ezarri da turismo ostatuen atalean, eta negozio berriek %60ko hobaria izango dute lehenengo bi urteetan.
Hirugarren ekarpena, aldiz, ez dute onartu, konposta egiten dutenek %40ko hobaria izatea proposatzen duena alegia, “Gobernu taldeak uste baitu gai hori teknikoki aztertu behar dela eta martxan jartzeko denbora behar dela”. Baina Berdeek “neurri hau lehenbailehen landu egin behar dela uste dugu, eta lehenbailehen martxan jarri, bi arrazoiengatik: “lehenik, frakzio organikoak sortzen dituen ingurumen-arazoengatik; eta bigarrenik, Sasietak bilketa zerbitzuaren kostua handitu duelako, eta, beraz, bilketa zirkuitutik ahalik eta hondakin gehien atera behar dugulako”.
Horregatik proposatu dute “udal mailan hondakin organikoen konpostajea sustatzea helburu duen neurri hau”. Gainera, konpostaje plan bat egiteko ere eskatu dute, “proposatu dugun neurri hori aurrera eramateko behar diren informazio kanpainak, prestakuntza saioak eta baliabide tekniko eta materialak ezartzeko”.
“Gehiago egin daiteke”
Bestetik, Berdeen uste dute “ordenantza fiskalen kasuan gauza gehiago egin daitezkeela”, eta Gobernu taldeak “ez duela daukagun potentzial guztia aprobetxatzen”. Ildo horretatik, proposamen berriak aurkezteko asmoa dutela aurreratu dute.
Ordenantza fiskalak “progresiboak” izan behar dutela ere azaldu dute, “familia errentaren maila bezalako parametroen arabera, adibidez, diru sarrera gehien dituztenek gehiago ordain dezaten”. Hobariak ere progresiboak izan beharko luketela diote, “duela urte batzuk hobari progresiboak zituzten taula batzuk proposatu genituen, familia errentaren mailaren arabera. Alde horretatik, dena dago egiteko”.
Amaitzeko, zergen igoerarekin batera “egoera ekonomiko prekarioagoa dutenei laguntzeko neurriak” hartu behar direla ere uste dute, zerga eta tasa igoerak eragin maila desberdina dutelako familia batean edo bestean.
“Berdeak taldeko kideok uste dugu azterketa zabalagoa egin behar dela eta kontuan hartu behar direla gu kezkatzen gaituzten bezalako gaiak. EAJ-k eta PSE-k ez lukete proposatu duten zerga igoera horiek hain arin erabaki behar”.