Legazpiko Kenpo Kai taldea bikain Tunisian, munduko txapelketan
Zilarrezko domina bat irabazi du Eneko Uranga taldekideak. Beste hiru partaideek ere lan ona egin dute. 2025eko Japoniako txapelketari begira daude orain.
Emaitza paregabeekin itzuli dira Tunisiatik Legazpiko Kenpo Kai-Bushido taldeko ordezkariak, herrialde horretan asteburuan jokatutako munduko kenpo kai txapelketan taldekide batek zilarrezko domina irabazi eta gero. Eneko Uranga (Legazpi, 2002) da munduko txapeldunorde berria konbate ataleko semi-kontaktu modalitatean, 18 urtez gorakoen mailan.
Unai Garitano legazpiarra eta Iñigo Salegi urretxuarra eta Urretxun bizi den Mikel Aranguren legazpiarra izan dira beste hiru partaideak, eta horiek ere lan bikaina egin dute.
Esperientzia handia eta polita
Arangurenek adierazi duenez, «domina irabazten duena ez da izaten irabazle bakarra, partaide guztiak izaten dira irabazleak, gure kasuan bezala, asko irabazi dugulako esperientzia handi honekin». Izan ere, esperientzia berria eta polita izan dute Tunisian, «asko ikasteko balio izan digu… Lagunak egin ditugu, harreman berriak sortu ditugu, adiskidantza loturak eratu ditugu…».
Lau kirolariak defentsa pertsonala eta konbate ataletan lehiatu dira punta-puntako lehiakideen aurka. Legazpikoez gain, Euskal Herriko parte hartzaile gehiago ere izan dira txapelketan, eta gainerako partaideak Espainiakoak, Alemaniakoak, Frantziakoak, Suediakoak, Brasilgoak, Paraguaikoak, Estatu Batuetakoak, Japoniakoak eta Tunisia bertakoak ziren.
Kenpo Kai alorreko goi mailako ordezkari instituzionalak ere izan dira txapelketan, eta domina jasotzeko ekitaldian, adibidez, IKKO edo International Kenpo Kai Organization erakundeko presidente Shihan Chiaki Ohashi izan zen Urangaren ondoan podiumean, eta podiumaren beste aldean, Juan Mari Vidal, EKKO (European Kenpo Kai Organization erakundekoa.
Jarraitzaileei eskerrak
«Oso gustura gaude egin dugun lanarekin eta lortutako emaitzekin, are gehiago Enekok irabazi duen zilarrezko dominarekin», azaldu du Arangurenek Tunisiatik itzuli berritan. Munduko txapelketak irailaren 27tik urriaren 2era bitartean jokatu dira han, Japoniatik kanpo lehen aldiz. Horri esker, Tunisia Japonia baino askoz ere gertuago dagoelako alegia, Legazpiko klubeko kideek hainbat jarraitzaile izan dituzte ondoan txapelketan zehar, familiakoak eta lagunak batez ere.
Txapelketa streaming bidez ere jarraitu zitekeen, hau da, internetez zuzenean, eta «ikusi genuenez, jende asko egon zen guri begira». Eskerrak eman nahi dizkie guztiei Arangurenek, bertan izan zirenei, eta etxetik horrela animoak helarazi zizkietenei ere bai.
Tunisiako txapelketa antolatu dutenentzat ere esker oneko hitzak ditu Legazpiko klubeko kide honek, «lan oso ona egin dutelako, eta oso harrera ona egin digutelako».
Orain, 2025eko mundukoa
Itzuli berriak dira Tunisiatik lau kirolariak, eta orain atseden piska bat hartuko dute. Hala ere, laster hasiko dira berriz ere lanean, abenduan maila egiaztatzeko eta gerrikoak lortzeko azterketak izango dituztelako.
Aurrerago begira ere hasita daude Legazpiko klubean, batez ere asteburuan lortutako emaitza paregabeek bultzatuta. 2025ean jokatuko dira berriz ere munduko txapelketak, Japonian dena ondo badoa, eta hara joateko gogoz beterik daude.