Arrosaz koloreztatu du udazkena Ilintik
Porra berri bat jarri du martxan, eta Katxalin elkarteak bularreko minbiziaren inguruan urrian antolatutako sentsibilitate kanpainarekin bat egin du. Saria 500 eurokoa izango da.
Udazkena arrosa kolorez apaindu du Ilinti merkatari elkarteak Legazpiko dendetan, urriaren 2tik 17ra bitartean martxan izango duen kanpainaren aitzakian. 500 euro jarri ditu jokoan oraingoan, porra edo erronka berri batekin. Oihalezko bihotzez eta xingola arrosez bete ditu bi loreontzi, eta Laubideko Betieder estetika zentroko eta Kale Nagusiko Arantzazu optikako erakusleihotan jarri ditu ikusgai. Loreontzi bakoitzean artikulu guztien batuketa asmatzen saiatu beharko dira partaideak, eta irabazlea kopuru zehatza edo behetik gertuena ematen duena izango da.
Garagune zentroko erabiltzaileen laguntza izan du Ilintik kanpaina honetarako ere, xingolak haiek egin dituztelako. Gainera, arrosa kolorea erabiliz, Katxalin elkarteak bularreko minbiziaren inguruan urrian egiten duen sentsibilizazio kanpainarekin bat egin du, arrosa kolorea delako minbizi mota horren kontrako borrokaren ikurra. Loreontzietan sartutako bihotzak Katxalin elkarteko kideek egindakoak dira.