Julian Auzmendiren ikus-entzunezko lan batekin hasiko da Mintzalaguna
'Kameraren begitik Naturari klik-kliki du izenburua lanak, eta euskal abesti ezagunak eta hainbat parajetako argazkiak uztartzen ditu. Mintzalagunei dago zuzenduta bereziki, baina herritar guztiak daude gonbidatuta. Mintzalagun izateko aukera badago oraindik.
Julian Auzmendik argazkilariak Kameraren begitik Naturari klik-klik izenburupean egingo duen irudi musikatuen emanaldiarekin, bihar hasiko da Mintzalaguna egitasmoaren ikasturtea. Emanaldia 18:30ean izango da Kultur Etxean.
Auzmendik euskal kantagintzako hainbat abesti ezagun eta berak kamerarekin egindako parajeen argazkiak uztartu ditu lanean. Mintzalagunean parte hartuko dutenei dago bereziki zuzenduta emanaldia, baina gainerako herritarrak ere gonbidatuta daude.
Oraindik irekita Mintzalagunerako izen-ematea
Ikasturtea biharko proiekzio honekin hasiko bada ere, oraindik badago aukera Mintzalagunean parte hartzeko, eta izena eman daiteke. Horretarako, Euskaltegira joan daiteke, telefonoz 843 74 00 90 zenbakira deitu, edo esteka honetan sartu labur.eus/legazpikomintzalagunak.
Mintzalagunak astean behin, ordubetez elkartzen dira, lau-bost laguneko taldeetan, giro lasaian euskaraz hitz egiteko. Taldean gidari bat egoten da, euskaraz hitz egiteko ohitura duen laguna da, eta taldekideei laguntzeko prest egoten dena. Besteak mintzakideak dira, hau da, euskara praktikatu nahi dutenak eta jarioa eta erraztasuna lortu nahi dutenak. Asteroko topaketa horiek lagun artean euskaraz lasai hitz egiteko gune bat dira.