Sagarrari zukua atera diote
Jose Antonio Elosegi gabiriarra sagar-zukua hasi da saltzen. Ziazerba eta baratxuri freskoa, iritsi diren azken barazkiak. Piperrak erreta saltzen ere hasi dira, Nafarroako Lerindik zuzenean ekarrita.
Aurreko egunetan baino eguraldi tristeagoarekin eta freskoagoarekin egin da gaur goizean urriko lehen feria Ordizian, eta garai honetan ohikoa ez den eskariarekin ekoizleen aldetik. Euri falta nabarmena da azken aldian, eta tenperaturak ohi baino altuagoak dira. Hori dela eta, baratza, soro eta fruta arboladietarako euri eske ari dira. Benetako udazkenaren zain daude denak.
Barazkietan, ziazerba eta baratxuri freskoa
Hala ere, feriako eskaintza ez da agortzen, eta astetik astera produktu berriak iristen dira, baita gaur ere. Barazkien artean, hainbat postutan ikusi diren ziazerba berriak aipatu behar dira, sortatan zein kiloka salgai jarri dituztenak. Gabiriako Anttoni Murgiondok, adibidez, euro bateko sorta txikiak zituen, eta Zeraingo Iñaki Intxaustik, kiloa 8 euroan zituen salgai.
Baliarraingo Edurne Jauregik, berriz, baratxuri freskoak zituen, ereindako baratxuri ale eta guzti. Sortak zituen salgai, euro batean.
Sagar zukuarekin hasi dira
Fruten atala, berriz, aberats dago sagarrei dagokienez, mota asko dagoelako aukeran. Eta gaurtik, baita zukua eginda ere. Gabiriako Jose Antonio Elosegik jarri du salgai, litroko botiletan, 3,8 euroan. Aurten sagar urtea dela esan zuen aspaldi gabiriarrak, baina urteroko zuku kantitatea egin dutela zehaztu du gaur, 1.200 litro gutxi gorabehera. Zukua Zaldibiako Goizane zentroan egiten dutela aipatu du. Urriaren erdialdetik aurrera sagar mota gehiago eramango dituela ere aurreratu du, “oraindik asko falta da biltzeko”.
Bestela, laster iristekoa den kiwiak eta intxaurrak hizpide izan dira hainbat postutan, lehena, euri faltagatik ale txikiarekin geratzen ari delako, eta bigarrena, aurten ere eskas dagoelako, eta aurreko urteetan bezala, alea belzten ari delako.
Erleen produktu gehiago
Aurreko astean hasi zen Jon Etxeberria ezti saltzaileak produktu gehiago jarri ditu salgai gaur, agindu zuen bezala. Polena da horietako bat, 220 gramoko ontzietan, 10 euroan. Eta argizari puskak.
Argizaria kremak eta ukenduak egiteko oso estimatua dela azaldu du Etxeberriak, eta asko saltzen dela ere bai. Berak eskaintzen duena ekologikoa da, eta garbia, “operkulukoa, edo abaraskako gelaxkak ixteko erleek erabiltzen dutena”. 100 gramoko piezak ditu salgai, 4 euroan.
Etxeberriaz gain, Balerdipeko ezti saltzaileak ere izaten dira plazan. Bien artean, erleen produktu ugari dituzte salgai, eta Balerdipekoen kasuan, eztiarekin egindako produktu gastronomikoak ere bai.
Gibelurdin ugari
Perretxikoan atala oso aberatsa agertu da gaur. Inguruko mendietan azken egunetan onddorik ez dela izan entzun da perretxikozaleen artean, baina gibelurdin ugari dagoela ere bai. Hala ere, 300 kilo onddo eskaini dira guztira, kiloa 14 eta 35 euro artean. Gibelurdinak, berriz, 75 kilo izan dira, 18-30 euro artean kiloa.
Bi espezie horiek izan dira ugarienak, baina gehiago ere izan dira salgai: 23 kilo ziza hori (15-20 euro), 20 euro gorringo (20-38 euro), eta kilo bat saltsa perretxiko beltz (18 euro). Boilurrak ere eskaini dituzte, 5, 10 eta 15 euroan pieza, tamainaren arabera.
Loreak, landareak eta piperrak
Lore kontuak ere aipatu behar dira. Aurreko astean pentsamendua eta Antirrhinum lorea iritsi ziren (1,15 euroan lehena, eta 1,50 euroan bigarrena), eta gaur biola edo pentsamendu txikia ere ikusi da (1,15 euroan).
Landare saltzaileen postuetan, berriz, neguko eskaintza da nagusi, udaberriari begira jarrita badaude ere. Hala, azaren familiakoak, eskarolak edo porruak erosi daitezke oraindik, baina udaberriko tipulina ere asko saltzen ari da orain (ehuneko sorta 3,5 eta 4 euro artean)
Amaitzeko, piperrak, Nafarroako Lerin herrikoak. Postua berandu jarri dute Barrena jauregiaren aurreko plazan, baina berehala deitu dute erosleen arreta, batez ere erretzen hasi direnean. Lerindik bertatik etorritako bi lagunek jardun dute lan horretan, eta datorren astean ere etorriko direla agindu dute. Lizarran (Nafarroa) piper erreak saltzen egunero egoten direla ere esan dute, Merkatondo kalean, “siloaren ondoan”, baten bat animatzen bada haraino joaten.
Gaur, pikillo, Mendabiako piko eta najeranoa erre dituzte: gordinean erosita 1,60 euroan, eta erretako kiloa 2,5 euroan. Bolako piper horia ere bazuten 3 euroan, eta kordetan lehortzen utzita kontserbatzen den “cuerno de cabra” motakoa ere bai, 2,5 euroan.